Ekonomia -

Lasarte eta Gasteiz

Kaleratzerik gabeko akordioa itxi dute Michelinek eta sindikatuek

CCOO, UGT eta CSI sindikatuek akordioaren aldeko botoa eman dute. ELA, LAB, ESK eta CGT sindikatuek, ostera, kontrako botoa eman dute. Aurrenekoek gehiengoa dute enpresa-batzordean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Michelin konpainiako zuzendaritzak eta Enpresa-batzordeak akordioa itxi dute. Akordioak lanpostu guztiak bermatzen ditu, baina lanaldia malgutzeko neurriak barneratzen ditu.

CCOO eta UGT sindikatuek agiri bateratu batean jakitera eman dutenez, Valladolid, Aranda de Duero, Gasteiz eta Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) lantegietako 7.500 langileak ordezkatzen dituen batzordeak "sistema berria" onartzea erabaki du gaur, zuzendaritzarekin Michelineko egoitza gipuzkoarrean bildu ostean.

Lana banatzeko sistema berri bat adosteko negoziazioak martxoan hasi ziren. Michelineko zuzendaritzak lau lantegietan 300 lanpostu soberan zeudela jakinarazi zien sindikatuei.

CCOOren eta UGTren arabera, enpresak lanpostuak eta egonkortasuna mantentzea onartu du. Horrela, "lanaldi aldakorreko ia 1.000 kontratu mugagabe, % 100ean" mugagabeak izatera pasako dira.

CCOO, UGT eta CSI sindikatuek akordioaren aldeko botoa eman dute. ELA, LAB, ESK eta CGT sindikatuek, ostera, kontrako botoa eman dute. Aurrenekoek gehiengoa dute enpresa-batzordean; izan ere, 13 ordezkaritik 9 dituzte. Oposizioko sindikatuek ordezkari bana dituzte.

Akordioa lau lantegietan aplikatuko dute, nahiz eta Lasarte-Oriako langileen batzarrak akordioa arbuiatu.

LAB

Jon Martin LAB sindikatuko ordezkariak azaldu duenez, akordioak lanpostu guztiak "kostu txikiarekin" malgutzen ditu; izan ere, plusak bere horretan utzi edo murrizten ditu.

Lan egutegian "ezegonkortasun" handia ezartzen du akordioak, Martinek salatu duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea