Ekonomia -
Errenta Kanpaina
Gipuzkoan iaz baino gehiago bilduko dute aurten aitorpenen bidez
Xabier Olano Gipuzkoako foru Ogasuneko zuzendariak adierazi duenez, iazko kanpainan baino 32 milioi euro gehiago bilduko dituzte egindako zerga aldaketei esker.
Erredakzioa
Gipuzkoako Ogasunak 2012ari dagokion Errenta Kanpainan aurreko urtean baino 32 milioi euro gehiago biltzea espero du. Foru Gobernuaren arabera, igoera hori, zerga aldaketei esker lortu da.
Xabier Olano Gipuzkoako foru Ogasuneko zuzendariaren aburuz, 2012ko Errenta Kanpainak 322 milioi euro itzuliko dizkie zergadunei, eta 143 milioi euro bilduko ditu; hala, 179 milioi euroko saldo negatiboa izango du.
2011n Ogasunak 211milioi euro itzuli behar izan zituen, hau da, 32 milioi euro gehiago, Olanoren iritziz, zerga aldaketek eragin dute alde hori.
"Eskerrak aldaketa horiek aurrera eraman direla", nabarmendu du Olanok, bestela Ogasunak aurten 28 milioi euro gehiago itzuli beharko zituzkeela erantsi du.
Errenta aitorpena paperean aurkezteko azken aukera izango da aurtengoa, azken urteetan 2.000 baino ez zituzten jasotzen modu horretan eta horietako askok akatsak izaten zituzten.
Halaber, Ondasunen gaineko zerga jasoko den azken kanpaina izango da aurtengoa, izan ere, Aberastasun eta Fortuna Handiko Zergak beteko du haren tokia.