Ekonomia -
2013ko Aurrekontuak
UPyDk osoko zuzenketari eutsi, eta ostiraleko bilkuran babestuko du
Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkidea eta Ricardo Gatzagaetxebarria Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburua ordubetez bildu dira gaur goizean, EAEko Aurrekontuen inguruan hitz egiteko.
Erredakzioa
Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkidea eta Ricardo Gatzagaetxebarria Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburua ordubetez bildu dira gaur goizean, EAEko Aurrekontuen inguruan hitz egiteko. Bileraren ondoren Maneirok esan du UPyDk ez duela osoko zuzenketa erretiratuko eta ostiraleko osoko bilkuran haren alde egingo duela. Maneiroren hitzetan, Jaurlaritzak “ez du UPyDren proposamenetara hurbiltzeko borondaterik”.
Jaurlaritzaren jarrera “deitoragarria” izan dela adierazi du Maneirok. Gainera, UPyDk mahai gainean jarritako 16 proposamenak babesteko “borondaterik” ez duela agertu salatu du legebiltzarkideak. “Agian, Aurrekontuak doan babestuko genituzkeela uste izan dute”, gaineratu du.
Osoko zuzenketaz gain, beste 296 zuzenketa partzial aurkeztu ditu UPyDk. Hala ere, Maneirok esan du seguruenik zuzenketa partzial horiek ez dituztela bozkatuko, oposizioko talde guztiek aurkeztu baitituzte osoko zuzenketak.
Gatzagaetxebarriarekin egindako bilera azkenengoa izan dela adierazi du Maneirok, “Jaurlaritzak berriro deitzen ez bagaitu”. “EAJk eta Jaurlaritzak uste dute Aurrekontuak aurrera ateratzeko ez gaituela behar”.