Ekonomia -
Greba orokorra
ELA: 'Ez diegu murrizketak lasaitasunez aplikatzen utziko'
Unai Sordo CCOOko idazkari orokorrak sindikatu abertzaleei “lan-hitzarmenen desagerketaren” inguruan “elkarrekin” erantzuteko proposamena egin die.
Erredakzioa
Adolfo Muñoz ELAko idazkari orokorrak Eusko Jaurlaritzaren jarrera kritikatu du eta “Rajoyren esanetara” egotea leporatu dio. Maiatzaren 30eko greba orokorraren deitzaleek ez diote Urkulluren Gobernuari “murrizketak” lasaitasunez aplikatzen utziko.
Txiki Muñozek esan du deitu berri duten greba orokorra ez dela gizartearen kontrakoa, Jaurlaritza ezartzen ari den murrizketa politikaren kontrakoa baizik.
Modu horretan, gehiengo sindikalak jasotako kritikak arbuiatu ditu Txiki Muñozek. Horren hitzetan, “beharrezkoa” da kalean erantzuna ematea, besteak beste, Legebiltzarrean Aurrkeontuak onartu edo ez, murrizketak “berdin-berdin egingo dituztelako” eta patronalak “negoziatzeko borondaterik gabe berea inposatu nahi duelako”.
Greba deialdia egin aurretik, Juan Maria Aburto Enplegu sailburuak adierazi zuen greba hori ez dela “Jaurlaritzaren aurkako” ekimen bat izango, “gizarte osoaren aurkakoa baizik”.
Gaur, Muñozek Gobernuari galdetu dio: “Jaurlaritzak egunkariak irakurtzen al ditu? Bertan, mundu guztiak dio murrizketa politikek hondamendia dakartzatela”.
CCOO eta UGT sindikatuei esan die, hitzarmen kolektiboaren inguruan “patronala” dela arazoa, “eta ez ELA”.
Bestalde, Unai Sordo CCOOko idazkari orokorrak sindikatu abertzaleei “lan-hitzarmenen desagerketaren” inguruan “elkarrekin” erantzuteko proposamena egin die. Iragan astean sindikatu abertzaleek gutuna bidali zioten Sordori, greba orokorrean parte-hartzeko proposatuz.
Sindikatu abertzaleek UGTri ere gutuna bidali zioten, greba orokorraren inguruan eskua luzatzeko.
Maiatzeko greba orokorraren egunean, Luis de Guindos Ekonomia ministroa Euskadin izango da eta baliteke Uruguayko presidenteak ere bisita egitea.