Ekonomia -
Ezohiko Gobernu Kontseilua
Jaurlaritzak Aurrekontuak berriz diseinatzea erabakiko du arratsaldean
Gasteizko Gobernuak premiazko bilera abiatu du, Iñigo Urkullu lehendakaria bi egunez Europar Batasuneko agintariekin batzartu eta gero.
D.P.
Eusko Jaurlaritzak premiazko eta ezohiko bilera egin du ostegun honetan, 2013. urterako aurrekontu proiektua berriz diseinatzea erabakitzeko. Izan ere, segur aski Europar Batasunak defizit helburua malgutuko du, eta horrek baliabide gehiago izatea ekarriko du.
Erabakia atzo iragarri zuen Iñigo Urkullu lehendakariak, Bruselan Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidentearekin batzartu eta gero.
"Aurrekontuak berriz diseinatzea merezi duela pentsatzeko datuak ikusi ditugu [...]. Hori da biharko [gaurko] Gobernu Kontseiluan aztertu nahi dudana", adierazi zuen.
Urkulluren esanetan, baliteke "Europar Batasun osoan eta Espainiako Estatuan" malgutzea, eta, ondorioz, Espainiako Gobernuak beste helburu batzuk zehaztea, erkidegoz erkidego.
Hasiera batean, Eusko Legebiltzarrak ostiral honetan egin behar zuen osoko zuzenketen eztabaida, baina saio hori bertan behera utziko dute.
Asteartean, lehendakaria Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidentearekin batzartu zen, eta Espainiaren defizit helburua malgutzeko prest ikusi zuen.
Europak maiatzaren 29a baino lehen erabakiko du defizit helburua malgutu edo ez.
Aurrekontuen luzapena
Urkulluk atzo azaldu zuenez, Jaurlaritza iazko aurrekontuak luzatuta ari da lanean urtarriletik, eta, hortaz, ez du gaizki ikusten "aste batzuk gehiago" jarraitzea horrela, hots, Europar Batasunak defizita malgutu arte, horrek "baliabide gehiago" ekarriko dituelako.
Lehendakariak akordioa lortzeko "borondaterik" ez izatea egotzi zien oposizioko taldeei, bereziki PSE-EEri eta PPri, eta "atzo arte erantzukizun instituzionalak" zituztela gogorarazi zien.
Gobernuburuaren esanetan, Jaurlaritzak ez ditu gainditu alderdi horiek ezarritako "marra gorriak", eta, gainera, legegintzaldi osorako akordio bat eskaini die. "Antza denez, une honetan EAJ zigortzea da helburu bakarra", deitoratu zuen.
Eta orain, zer?
Lehendakaritzatik zehaztu dutenez, defizit helburua laster malgutuko balute, Jaurlaritzak aurrekontuak berriz diseinatu ahalko lituzke, baliabide ekonomiko gehiagorekin.
Dena dela, defizit muga berria uztailean jakinaraziko balute, Gasteizko Gobernuak ez luke denbora nahikorik izango kontu berriak egiteko.
Kasu horretan, Jaurlaritzak iazko aurrekontuak luzatuko lituzke, urteko lehen hilabeteetan egiten ari den moduan.
Bi urte gehiago, defizit helburua betetzeko
Europako Batzordeak beste bi urte eman liezazkioke Mariano Rajoyren Gobernuari, defizit helburua betetzeko.
Espainiak defizit muga malgutzea lortuko balu, baliteke Rajoyren Exekutiboak erkidegoei ere ematea arnasa. Euskadiren kasuan, defizit helburua malgutzen den hamarren bakoitzeko, Jaurlaritzak 66 milioi euro gehiago izango ditu inbertsioak egiteko.
Orain, Espainiak % 4,5eko defizit helburua du urte honetarako, eta % 3koa 2014. urterako, baina Rajoyren Gobernuak aurtengo helburu berria % 6koa izatea espero du. % 3ra jaisteko, 2016. urtera arteko epea izango luke.
Iaz, Espainiaren defizit publikoa % 10, 6koa izan zen, Eurostatek asteon jakinarazi duenez.