Ekonomia -
Aurreproiektua
Gipuzkoak lan eskubideak bermatuko ditu, foru arau baten bidez
Maiatzaren 21ean onartzea aurreikusi dute, eta, jarraian abiatuko dituzte izapideak Batzar Nagusietara aurkezteko.
Erredakzioa
Gipuzkoako Foru Aldundiak langileen eskubideak bermatuko ditu, foru arau baten bidez. Orain, aurreproiektua prestatzen ari dira, eta maiatzean onartzea aurreikusten dute.
Larraitz Ugarte Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak foru arauaren aurreproiektuaren berri eman du, ostegun honetan, kazetarien aurrean. Maiatzaren 18ra arte erakusteko epea ireki dute, eta hilaren 21ean onartzea aurreikusi dute. Segidan abiatuko dituzte izapideak, Batzar Nagusietara aurkezteko.
Alderdi politikoekin eta Adegi patronalarekin hitz egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta foru araua onartzeko horien babesa izatea espero du. Uztailaren 8a baino lehen atera nahi luke aurrera araua Foru Aldundiak.
Gipuzkoako Foru Aldundia izango da hitzarmen kolektiboak betetzea bermatzeko horrelako neurriak hartzen dituen lehen administrazio publikoa.
Obra publikoak
Eraikuntzaren sektorearen egoera "nahiko larria" dela adierazi du Larraitz Ugartek. Horren esanetan, obra publikoetan azpikontratazio asko egon ohi dira, eta langileen eskubideak urratzen dira maiz.
Lau sindikatu nagusiekin ari da lanean Diputazioa, eman beharreko pausoen gainean hitz egiteko, eta, aurrerantzean, obra publikoen esleipendunek langileen eskubideak babestu eta probintziako hitzarmen kolektiboak bete beharko dituzte.