Ekonomia -

Radio Euskadi

2014ko Aurrekontuak adosteko 'oinarriak' jarri nahi ditu EAJk

Aurrekontu proiektuaren harira, oposizioak izan duen jarrera kritikatu du Joseba Egibarrek. Hala ere, EAJk akordioak lortzeko lanean jarraituko duela adierazi du.

Joseba Egibar EAJk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramailea. Argazkia: EiTB
Joseba Egibar EAJk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramailea.
Joseba Egibar EAJk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramailea. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joseba Egibar EAJren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak adierazi duenez, 2014ko Aurrekontuak onartzeko "oinarriak" jarri nahi ditu haren alderdiak. "Eusko Jaurlaritzak ez du simulakrorik egin, aurrekontu proiektua aurkeztu eta gero atzera botata", nabarmendu du. Oposizioaren jarrera kritikatu duen arren, akordioak lortzeko lanean jarraituko dutela nabarmendu du.

Radio Euskadin, 2012ko aurrekontuen luzapena izan du hizpide. Oposizioko alderdiek, hasieratik, Aurrekontuei ezezkoa emateko asmoa zutela uste du Egibarrek, eta horren ustez, "diskurtso bat eraiki dute, ezezko hori justifikatu ahal izateko".

Egibarren esanetan, oposizioak Aurrekontuak ez babestea erabaki duelako baztertu du EAJk aurrekontu proiektua. Atsekabetuta hitz egin du, akordiorik lortu ez dutelako.

Espainiako Gobernuak 0,5 igo du aurtengo defizit-muga autonomia erkidegoentzat. Hasieran, % 0,7ko defizit-muga ezarri bazitzaien ere erkidegoei, % 1,2ko muga izango dute. Egibarrek ez du uste, ordea, Eusko Jaurlaritzak diru-sarrera gehiago izango dituenik. Hala ere, lan egiteko malgutasun handiagoa izango dutela onartu du.

Aurrekontuak baztertzearen arrazoiak jakin nahi ditu PSE-EEk

Jaurlaritzak 2013ko aurrekontu proiektua zergatik baztertu duen jakin nahi du PSE-EE , eta galdera luzatu dio gaur Jose Antonio Pastor PSE-EEren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak Iñigo Urkullu lehendakariari. Pastorren iritziz, argudio kontrajarriak aipatu ditu EAJk. Bestalde, aurrekontuak luzatzeko zein irizpide jarraituko diren ere galdetu diete sozialistek jeltzaleei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea