Ekonomia -

Arabako patronala

Arabako 40.000 langile gera daitezke hitzarmenik gabe, SEAren arabera

Uztailaren 7an bertan behera gera daitezke hitzarmenak eta Arabako patronalak "beste planeta batean" bizitzea leporatu die sindikatuei.

Juan Ugarte SEA Arabako patronalaren idazkari orokorra Radio Vitoriako elkarrizketa batean EITB
Juan Ugarte SEA Arabako patronalaren idazkari orokorra Radio Vitorian.
Juan Ugarte SEA Arabako patronalaren idazkari orokorra Radio Vitoriako elkarrizketa batean EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Ugarte SEA Arabako patronalaren idazkari orokorrak ohartarazi du uztailaren 7tik aurrera beste inoren kontura lan egiten duten pertsonen artean, 10etik 4, hau da, 40.000 langile inguru, hitzarmenik gabe gera daitezkeela, eta sindikatuei "beste planeta batean" bizitzea leporatu die.

Fernando Raposo SEAko Lan Harremanen arduradunarekin batera azaldu da Ugarte prentsaurrekoan, hitzarmenen amaierak izango dituen ondorioak aztertzeko asteazkenean Gasteizen egingo duten topaketa aurkezteko.

Uztailaren 7an bertan behera geratuko dira hitzarmenak, 2012ko uztailaren 7tik luzapen egoeran baitaude. Ondorioz, enpresek eta sindikatuek akordiorik lortu ezean, hitzarmenak bertan behera geratuko dira edo, horien gaineko hitzarmenik badago, horien edo Langileen Estatutuaren esku geratuko dira.

Araban, beste inoren kontura lan egiten duten 101.500 langile daude. Horien % 94ri, hau da, 96.000 laguni, negoziazio kolektiboak eragiten die. Horien % 20 Estatuko hitzarmenen baitan daude, % 34 enpresenen baitan, eta gehiengoa, % 46, erkidegoko eta lurraldeko hitzarmenen baitan.

Era horretan, Arabako patronalaren datuen arabera, akordiorik lortu ezean, ia 50.000 langile orain arteko hitzarmena bezalakorik gabe geratuko dira Araban. 40.000 langile hitzarmenik gabe geratuko dira, eta besteak, Estatuko, erkidegoko edo probintziako hitzarmenen baitan.

Patronala azken uneraino negoziaziorako prest dagoela adierazi du Ugartek, baina hitzarmenek ezin dutela enpresen egoera ekonomiko txarra alboratu ohartarazi du.

Azken urtean Araban 400 negoziok itxi behar izan dutela eta enpresen % 70ek galerak dituztela gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea