Ekonomia -
INEren datuak
Prezioak % 0,5 igo dira apirilean EAEn eta % 0,2 Nafarroan
KPIaren urteko tasa 9 hamarren jaitsi da EAEn eta % 1,5ean kokatu da. Espainian, ordea, % 1,4an.
Erredakzioa
KPIaren urteko tasa 9 hamarren jaitsi da apirilean EAEn eta % 1,5ean kokatu da, INE Estatistika Institutu Nazionalak berretsi duen kontsumorako prezioen indizearen arabera.
Martxoarekin alderatuta, Euskal Autonomia Erkidegoan % 0,5 igo dira prezioak eta urteko datuak kontuan hartuta, % 0,3 jaitsi da inflazioa.
Aurreko hilabetearekin alderatuta prezioak gehien igo dituen taldea jantziena eta zapatena izan da, zehazki % 9,5 igo baita. Jarraian, etxeko hornidurak (% 0,7), hotelak, kafeak eta jatetxeak eta jakiak eta alkoholik gabeko edariak (bi kasuetan % 0,3ko igoerekin) igo dira gehien. Jaitsiera handienak, ordea, komunikazioetan (% 2,5), etxebizitzetan (% 1,6), garraioetan (% 0,6) eta aisialdi eta kulturan (% 0,3) egon dira.
Azken 12 hilabeteak kontuan hartuta, prezio igoera nabarmenenak edari alkoholdunetan eta tabakoan (%5,6), botiketan (% 5,1) eta etxeko horniduretan (% 5,1) eman dira. Jaitsierak soilik komunikazioetan (% 4,1) eta garraioetan (% 0,8) egon dira.
% 0,2ko igoera Nafarroan
Prezioak % 0,2 igo dira Nafarroan martxoarekin alderatuta. Urteko tasa, ordea 1,1 puntu jaitsi da eta % 1,3an kokatu da.
Espainian, 2010eko martxotik egon den tasa baxuenean
KPIaren urteko tasa puntu bat jaitsi da Espainian eta % 1,4an kokatu da 2013ko apirilean, 2010eko martxotik izan duen tasa baxuenean, kontsumorako prezioen indizearen arabera.
Tasan eragin handiena izan duten prezioak etxebizitzarena, elektrizitatearen jaitsieragatik (2012ko hilabete berean igo zen arren, aurtengo martxoan jaitsi egin zen), eta garraioarena, erregaiengatik (lehengo urtean igo egin ziren) izan dira.
Martxoarekin alderatuta, KPIa % 0,4 igo da. Azpiko inflazioa (ez ditu kontuan hartzen jaki freskoen eta energiaren prezioen aldaketak) ordea, lau hamarren jaitsi da eta % 1,9an kokatu da. Era horretan, 2009ko urritik lehen aldiz, indize orokorraren gainetik kokatu da.
Era honetan, datuak apirilaren 29an argitaratu zen KPIaren adierazle aurreratuarekin bat egin du.