Ekonomia -
Europar Batzordea
1 eta 2 euro-zentimoko txanponak desagerraraztea aztertzen ari dira
Europar Batzordeak lau aukera aurreikusten ditu txanpon hauen etorkizunerako.
Erredakzioa
Europar Batasuna zentimo bateko eta bi zentimoko txanponak desagerraraztea aurreikusten ari da, eta moneta horren etorkizunaren inguruan eztabaida hasi nahi dute.
Europako Batzordeak komunikazio bat aurkeztu du legislatiboa ez den dokumentu batean Europako Parlamentuak eta kide diren Estatuek eskatuta. Bertan, txanpon hauei ematen zaien erabilera ikertzen da eta horiek egiteko herrialdeek euren gain hartzen dituzten ekoizpen-kostuak aztertzen dira; izan ere, txanponen egiazko balioa baino altuagoak dira.
Dokumentuak lau aukera aurreikusten ditu. Lehenengoa, oraingoari eustea da.
Bigarren aukera, zentimo bateko eta bi zentimoko txanponekin jarraitzea izango litzateke baina ekoizpen-kostuak gutxituz. Horretarako, materiala aldatzea edo ekoizpen prozesuan eraginkortasuna handitzea edota bi hauek batera ematea proposatzen dute.
Europako Batzordearen arabera, Estatuek 1.400 milioi euro galdu dituzte 2002. urtetik txanpon hauek direla eta.
Hirugarren aukera txanponen ekoizpena bertan behera uztea izango litzateke. Horrekin batera "lehen egunetik prezioak biribiltzeko araudia" indarrean sartu beharko litzatekeela gaineratu dute.
Azkenik, laugarren aukeran, txanpon horiek merkatutik kentzea aurreikusten dute "baina beste era batera". Poliki-poliki desagertuko lirateke, "asko galtzen baitira eta jendeak ez baititu asko erabiltzen ordainketak egiteko". Aukera honetarako, txanpon hauek ekoizteari uztea proposatzen dute eta "prezioa biribildu osteko kopurua ordaintzeko soilik erabili ahal izango lirateke".
Eurogunean dauden txanpon guztien erdia zentimo bateko eta bi zentimokoak dira Europako Batzordeak jakinarazi duenaren arabera, eta "galera-tasa handia dakarte", jendeak baliorik ez dutela pentsatzen duelako, eta ordainketak egiteko garaian erabiltzen ez dituztelako.
Hala ere, herritarrak ere txanpon hauek desagertzearen beldur dira; izan ere, prezioak areagotzearen susmoa dute eta horrek "erreakzio negatiboa" izan ditzakeela uste du Batzordeak.