Ekonomia -
Negoziazio kolektiboa
Soldatak jaistea ez duela onartuko ohartarazi du ELAk
Patronala da negoziazio kolektiboaren blokeoaren erantzule, Muñozen iritziz. "Ez du sindikatuekin akordiorik nahi; zera nahi du, guk soldataren jaitsiera babestea", salatu du.
Erredakzioa
Negoziazio kolektiboa desblokeatzeko soldatak izoztea edota jaistea inolaz ere ez duela onartuko ohartarazi du ELA sindikatuak.
Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak hitzarmenen negoziazioaren blokeoaren egoeraren berri emateko prentsaurrekoa eman du astearte honetan. Datorren uztailaren 7an sartuko da indarrean lan-erreforma eta luzapenik gabeko hitzarmenak baliogabe geratuko dira.
Muñozen iritziz, patronala da negoziazio kolektiboaren blokeoaren erruduna, "sindikatuekin ez du akordiorik nahi, nahi duena zera da, guk soldata jaitsiera eta lan-erreforma babestea", erantsi du.
"Soldata jaitsiera apustu ideologiko bat eta ergelkeria ekonomiko bat da, horrekin barne eskaria jaitsiko baita, eta hortaz, langabezia igo egingo da. Kanpoan salduko dugun leloa faltsua da, Europa nola dagoen ikusita", azpimarratu du Muñozek.