Ekonomia -
EHNEko zuzendaritza
Gipuzkoako EHNEk kongresua egin nahi du zuzendaritza berritzeko
Sindikatuaren zuzendaritzako 11 kideetatik seik dimititu ostean, EHNEko kargudun ohiek 15 egunen buruan kongresu bat egiteko eskatu dute.
Erredakzioa
Gipuzkoako EHNEko kargudun ohiek 15 egun barru premiazko kongresu bat egitea eskatu dute, nekazarien sindikatuaren zuzendaritza berritzeko. Izan ere, zuzendaritza osatzen duten 11 kideetatik seik dimisioa eman dute, erakundearekiko desadostasunengatik. Horien ustez, sindikatua "ez da aldaketetara moldatu, eta aktibo berrientzat erakargarria izateari utzi dio".
Donostian egindako prentsaurreko batean, Joxi Azpillaga EHNEko kideak sindikatuan “nekazaritza politikaren eta antolakuntza ereduaren inguruko desadostasunak” daudela salatu du, Maite Aristegi EHNEko idazkari nagusi ohi eta Amaiurreko diputatuarekin, Iñaki Lazarobaster EHNE Gipuzkoako presidente ohi eta EH Bilduko parlamentariarekin, Marije Itxausti EHNE Gipuzkoako presidente ohiarekin eta beste hainbat kiderekin batera.
Azpillagaren iritziz, egoera horrek eta zuzendaritzako sei kidek dimititu izanak premiaz kongresu bat deitu beharra dakar, antolakundea berregin ahal izateko.
Haren hitzetan, 2008an EHNEk kongresu bat abiatu zuen, elkartea berritzeko. Hala, gazteek erreleboa hartu zuten, "aurreko ezadostasunak gainditzeko", baina bost urte geroago "arazoak gainditzeko ezintasun berdinarekin" egin dute topo.
Gainera, azken zuzendaritza-batzordeak ezohiko batzar bat deitu zuen, eta, horretan, joan den azaroan kongresu bat egitea adostu zuten, bi txosten aurkeztu ahal izateko. Baina, azkenean, sei hilabete geroago egitea hitzartu zuten. Hala, gaur egun "arazo berdinak daude, eta ez da adostasunik lortu". "Kongresurik egin gabe jarraitzen dugu, eta ezin izan ditugu ideiak demokratikoki aurkeztu, parte-hartzea ukatu digutelako", gaineratu du Azpillagak.
Zuzendaritzaren 11 kideetatik seik dimititu ostean, EHNE Gipuzkoak "ez du zuzendaritzarik". Hori dela eta, egoera hori "antidemokratikoa" dela eta sindikatuaren estatutuak "urratu" egiten dituela salatu dute.
Horren harira, “beharrezkoa” ikusi dute kongresu bat premiaz deitzea, "15 egun barru", Gipuzkoan 1.200 afiliatu dituen sindikatuaren zuzendaritza berritu ahal izateko.