Ekonomia -

Aurreikuspen ekonomikoa

EAEko herritarren % 70ek ez dute aurten lana aurkitzeko esperantzarik

Inkesta egin dutenen % 42k ez dute inolako prestaziorik edo diru-laguntzarik jasotzen.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleen % 70ak ez dute uste datozen hamabi hilabeteetan lana aurkituko duenik, Ikerkuntza Soziologikoen Zentroak (CIS) 2012ko hauteskunde autonomikoen ostean egindako inkestaren arabera.

Lan horrekin, politika eta EAEko zein Espainiako egoera ekonomikoa aztertu nahi izan dute. Azken horren harira, EAEko herritarren % 70tik gora Euskadiko egoera txarra edo oso txarra dela uste dute. Espainiar estatuan, berriz, ikuspegi hori % 94k dute.

Inkestatuen % 58k uste dute bere egoera ekonomiko pertsonala erregularra dela, % 22k ona eta % 15ek txarra. Azken lau urteotan, % 39k lana galdu dute, eta ia % 46ri soldata izoztu edo murriztu diote, lan orduak gutxitu ez dizkioten arren.

Galdeketa egin dutenen langabeen erdiak urte bat baino gutxiago darama egoera horretan; % 42k ez dute inolako prestaziorik edo diru-laguntzarik jasotzen, % 36k azken laguntza hori bai jasotzen duten bitartean.

Lana dutenen artean, % 73k ez dute uste datozen hamabi hilabeteetan lana galduko dutenik.

EAEko gizartearen zati handi batek, % 59, maila ertain-ertainekoa da, % 30 maila ertain-baxukoa eta % 0,1 maila altukoa.

Inkesta bete dutenen % 18k 1.201 eta 1.800 euro arteko diru sarrerak dituela esan dute; % 11k diote 901 eta 1.200 euroko diru sarrerak dituztela eta % 10ak 1.801 eta 2.400 euro artekoak.

Soilik % 3k dute 3.000 eta 6.000 euroko diru sarrerak, eta % 10ak ez dute 900 euro baino gehiago jasotzen hilero.

CISen txosten hau egiteko, 1.898 inkesta egin dituzte EAEko 104 udalerritan, iazko urriaren 26tik 2013ko urtarrilaren 4ra bitartean.

Politikari begira, EAEko herritarren % 76,3k uste dute politikariek boterea eskuratzen dutenean euren interes pertsonalen alde bakarrik jokatzen dutela, alderdi batekoa zein bestekoa izan.

Bestalde, inkestaren arabera, EAEko biztanleriaren lehentasuna langabeziaren kontra borrokatzea da (% 68,2).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea