Ekonomia -

Arrantza

Hondarribiko bi arrantza-ontzi Baionako portuan geldiarazita dituzte

Astelehen edo asteartera arte lehorrean egon beharko dute. Bestalde, Baionak itsas komandantziaren aurrean deklaratu ostean, aske gelditu dira patroiak.

Baionan geldiarazita dagoen arrantza-ontzietako bat. Argazkia: EiTB
Baionan geldiarazita dagoen arrantza-ontzietako bat. Argazkia: EiTB
Hondarribiko bi arrantza-ontzi Baionako portura eraman dituzte atxilotuta

1:06

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hondarribiko bi arrantza-ontzi Baionako portuan geldiarazita dituzte ostegun arratsaldeaz geroztik, eta, gutxienez, astelehen edo asteartera arte lehorrean jarraitu beharko dute. Frantziako agintariek atxiki egin dituzte, itsas zabalean harrapatutako antxoa ontzi batetik bestera pasatu eta Europar Batasuneko araudia urratzea leporatuta.

Baionako itsas komandantziaren aurrean deklaratu ostean, aske gelditu dira patroiak, baina ez diete ontziak itsasoratzeko baimenik eman. Bi ontzietako patroiak eta beste bi edo hiru lagunek geratu behar dute Baionako portuan. Gainerakoak, bestalde, etxera joan dira.

Harrapatutako antxoa Donibane Loitzunen saldu diete oso merke, baina diru hori ezingo dute erabili epaileak hala erabaki arte.

Europar Batasunak itsas zabalean zama ontzi batetik bestera pasatzea debekatu zuen duela urte batzuk legez kanpoko arrantza egiten zuten ontzien jarduera kontrolatzeko helburuarekin.

Hau izan da, ordea, Kantauriko itsasontzi bat zigortu duten lehen aldia. Arrantzaleek erakundeetara joko dute, araua aldatzeko eskatzeko.

Eugenio Elduaien Gipuzkoako Kofradien Federakundearen presidenteak hori egitea debekatuta egon arren ohikoa dela aitortu du. "Oso urruti gaude, ia 100 miliatara" eta ontziek zama gutxi harrapatzen dutenean "ontzi bat bete eta bakarra itzuli ohi da portura", esan du. "100 miliatara egon eta 400 kilo antxoa harrapatuta itzultzea bideraezina da, 800 euroan salduko litzateke eta gasoilaren kostua soilik 1.500 eurokoa izango litzateke", esan du.

Elduaienen ustez, Europar Batasuneko neurria "ulertezina" da eta arrantzaleei "kalte ekonomiko handiak" eragiten dizkie.

Hondarribiko 40 bat arrantza-ontzik protesta egin dute Baionako barraren aurrean.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Baionako bideoak Hondarribia argazkiak Arrantza