Ekonomia -
Osakidetzako gainsoldatak
UPyDk Osakidetzako zuzendariei pizgarriak kentzea eskatu du
Ehun goi kargudunek baino gehiagok 11.460 eurorainoko gainsoldatak jasotzen dituzte, eta horrek 1,2 milioi euroko gastua sortzen du.
Erredakzioa
Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkideak Osakidetzako ehun goi kargudunen baino gehiagoren pizgarriak kentzea eskatu dio Eusko Jaurlaritzari.
Prentsaurreko batean, Administrazio Publikoko langileen egoera "bidegabea" dela salatu du. Horien artean, Osakidetzako langileen egoera ekarri du gogora: soldatak murriztu eta lanaldiak luzatu dizkiete, baina goi kargudunek 9.550 eta 11.460 euro arteko gainsoldatak jasotzen dituzte urtero, Maneiroren arabera.
UPyDko kidearen esanetan, pizgarri horiek ez daude justifikatuta, eta soldata eta pizgarriak gehituta ospitale batzuetako zuzendariek Osakidetzako zuzendari nagusiak baino gehiago kobratzen dutela baieztatu du.
Maneirok gogoratu du aurreko legealdian EAJk gainsoldata horiek kritikatu zituela, eta, "Jon Darpon Osasun sailburuak pizgarri horiek aztertuko dituela esan bazuen ere, oraindik ez dute ezer ere egin eta oraindik mantentzen dituzte", salatu du.
Osakidetzako 115 pertsonak jasotzen dute gainsoldata, eta horrek 1,2 milioi euroko gastua sortzen du: "Erabat onartezina da, eta zuzendu beharrekoa da", kritikatu du UPyDkoak.
Baieztatu duenez, Arabako (HUA), Donostiako, Basurtuko, Galdakaoko eta Gurutzetako ospitaleetako zuzendariek 11.460 euro jasotzen dituzte urtero pizgarritan. Osakidetzako zuzendariek eta larrialdietako arduradunek, berriz, 9.550 euro.
Hori dela eta, gainsoldata horiek kentzeko eta Osasun sailburuak pizgarri horiei buruz zer uste duen azaltzeko eskatu du Maneirok.