Ekonomia -
Autobus eta patio begiraleak
EAEko eskola publikoko begiraleek geldialdi partzialak deitu dituzte
Protestaldiak ekainaren 18an eta 19an izango dira, eta zentroen sarrerei eragingo diete. Hala, zerbitzuak kudeatzen dituzten enpresek hitzarmenei eustea lortu nahi dute.
Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) autobus eta jolastokietako begiraleek geldialdiak deitu dituzte ekainaren 18rako eta 19rako. Protestek goizeko zerbitzuari eragingo diote, hau da, ikasleak ikastetxeetara sartzen laguntzeko eskaintzen dutenari. Hala, zerbitzu horiek kudeatzen dituzten enpresek (Eulen, Bizkaian eta Araban; eta Clece, Gipuzkoan) lan-hitzarmenei eustea lortu nahi dute.
Aipatu mobilizazioez gain, hainbat elkarretaratze ere egingo dituztela iragarri dute ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuetako ordezkariek. Hala, lan-baldintzei eustea eta uztailaren 7an hitzarmena bertan behera ez uztea nahi dute.
Lucia Puertas ELAko ordezkariak jakinarazi duenez, "enpresen itxikeria dela eta, hilabeteak daramatzagu ezer ez lortu gabe". Horretaz gain, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila zerbitzu horietaz ez dela arduratzen, eta pribatizatu egiten dituela salatu du.
Begiraleen kolektiboa 500 bat langilek osatzen dute EAEn, eta 420 edo 210 euroko soldata dute hilero (astero 5 edo 10 orduko lanaldia dute).
Ordezkari sindikalek esan dute prest daudela geldialdiak alde batera uzteko, enpresa horiek hitzarmenaren ultrajarduera bertan behera uzten ez badute, akordio bat adostu arte. Horretarako, patronalak egoera hori ikertuko beharko du, eta ostirala baino lehen erantzun bat eman.
Bi geldialdi partzialez gain, elkarretaratzeak egingo dituzte EAEko hiru hiriburuetan (Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, Bilbon; eta Hezkuntza Sailaren egoitzen aurrean, Gasteizen eta Donostian) ekainaren 14an, 18an eta 19an.
Deitzaileek barkamena eskatu dute grebak sor ditzakeen arazoengatik, baina umeen gurasoek euren egoera zein den ulertzea eta enpresei zein Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailari "arduraz jokatzea" eskatu diete.