Ekonomia -

31 langileri eragingo die

M4F eitb.com-eko hornitzaileak lan-erregulazioko txostena aurkeztu du

Lan-erregulazioko txostenak enpresako 31 langileri eragingo die. M4F konpainiak multimedia edukiak egiten ditu Eusko Jaurlaritzarentzat, EITBrentzat, Bilboko Alondegiarentzat...

M4F enpresa. Argazkia: M4F
M4F enpresa. Argazkia: M4F
M4F enpresa. Argazkia: M4F

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

M4F konpainiako enpresa-batzordeak lan-erregulazioko txostena aurkeztu diotela salatu du. EITBko webgunearentzako lan egiten duten langileen % 40 inguru kaleratuko dituztela salatu du enpresa-batzordeak.

M4F konpainiak multimedia edukiak egiten ditu Eusko Jaurlaritzarentzat, EITBrentzat, Bilboko Alondegiarentzat... Erakunde publikoaren murrizketek M4F txostena aurkeztera behartu dute, enpresa-batzordearen arabera.

Txostenak 31 langileri eragingo die. 27 langile kaleratzea aurreikusten du, eta baita beste lauri lanaldia % 50 murriztea ere. Gainera, enpresako zuzendaritzak gainerako langileei soldata % 25 jaitsi nahi die, kategoriaren arabera.

EITBko zuzendaritza berriak eitb.com webgunearen aldeko apusturik egin ez duela salatu du enpresa-batzordeak; izan ere, "kaleratu behar dituzten M4Fko langile gehienak EITBko webgunearentzako lan egiten dute esklusiboki".

Egoera "onartezina" dela uste du enpresa-batzordeak. Horrela, langileekin adostu ostean mobilizazioak eta protestak iragarri ditu. Ostegunean eta ostiralean elkarretaratzeak egingo dituzte Bilboko EITBren egoitzaren aurrean.

EITBren argudioak

Erakunde publikoko zuzendaritzaren hitzetan, 2013ko aurrekontuaren murrizketak (20 milioi) apirilean eta maiatzean gastuak berriro aztertzera behartu du urte bukaeran oreka lortzeko.

EITBko zuzendaritzaren ahotan, M4F enpresak azken hiru ekitaldiak galerekin itxi ditu eta lan-erregulazioko txostena aurkeztu behar izan du. Enpresak onartutako bideragarritasun planean urte bakoitzeko 1.400.000 euroko fakturazioa jasotzen du EITBren eskutik. Enpresaren bideragarritasun eza saihesteko lan-erregulazioko txostena martxan jartzea beharrezkoa zela onartu dute, eta baita soldatak jaistea ere.

EITBko zuzendaritzak erantzukizuna eskatu du, gastu eta diru-sarreren arteko oreka bilatzeko neurriak hartzea beharrezkoa delako krisia gainditzeko eta arazo larriagoak ez sortzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea