Ekonomia -

Elkarrizketa Radio Euskadin

2014. urtean Aurrekontu propioak izatea espero du Urkulluk

Lehendakariaren esanetan, hurrengo urtean "beste testuinguru batean egongo gara, alderdien artean denok erantzukizuna dugun sentipena zabaldu baita".

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariaren ustez, 2014. urtean "testuingurua guztiz ezberdina" izango da Euskadin, aurten Aurrekontu proiektua erretiratzea eragin duenarekin alderatuta, alderdien artean "erantzukizuna denona den sentipena" zabaldu baita.

Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, asteartean Eusko Jaurlaritzak hurrengo urteko Aurrekontuetarako ildo nagusiak onartu zituela gogorarazi du Urkulluk. Horren esanetan, "zerbitzu publiko sozialak eta enplegu publikoa mantentzea, ekonomia sustatzea eta enplegua sortzea" dira ildo horiek.

Hori horrela, 2014. urteko Aurrekontu proiektuak aurrera egingo duen itxaropena agertu du Urkulluk.

Itun politikari dagokionez, Urkulluk "egoki"tzat jo du hainbat alderdirekin "herrialde akordio handiak" lortzea, baina lortuko ez balu, alderdi zehatz batzuekin (PSE-EE) itunak egitearen alde egingo du, "egonkortasuna" izateko.

Zerga sistemaren erreformaren harira, Eusko Legebiltzarrean ildo nagusiak adostea babestu du, bertan onartutakoa "loteslea" izango ez bada ere.

Bestalde, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak espetxe politikaren arloan egindako proposamenei erantzun ez duela deitoratu du Urkulluk.

"Ekarpenak egin dizkiot Espainiako Gobernuko presidentearei, urtarrilaren 30ean lehen aldiz batzartu ginenetik, eta hilabeteak joan dira jada. Ondoren, komunikazio etengabea izan dugu, ekarpenak idatziz eta ahoz egin dizkiot, baina erantzunen zain nago", gaineratu du.

Lehendakariaren esanetan, ETA desarmatzea eta espetxe politika malgutzea "ez da ordain-sari bat, egin beharreko ibilbide bat baizik".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea