Ekonomia -

Lan istripua

44 urteko langile bat hil da Bergaran, zulagailu batek harrapatuta

AHTaren lanetan ari zen langilea, Bergara-Antzuola tartean.

Langile bat hil da AHTren lanetan

0:31

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

44 urteko langile bat hil da astelehen honetan Bergaran (Gipuzkoa), AHTaren lanetan, zulagailu batek harrapatuta.

Ezbeharra 15:30ean izan da, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez. Ordu horretan, lanetan erabili ohi duten makinak langilea harrapatu du.

ETS Euskal Trenbide Sareak ohar batean azaldu duenez, Bergara-Antzuola tartean izan da ezbeharra. ETSko azpikontrata bateko langilea da hildakoa. Dirudienez, makina leku batetik bestera garraiatzen ari zela erori egin da, eta zulagailuak harrapatu egin du.

Bertaratutako larrialdi zerbitzuek ezin izan dute gizonezkoaren bizitza salbatu, eta istripuaren nondik norakoak argitzeko ikerketa abiatu du ETSk.

Zazpi langile hil dira AHTaren lanetan

LAB sindikatuak salatu duenez, azken heriotza honekin zazpi dira Abiadura Handiko Trenaren lanetan hildako langileak.

AHTaren lanetan segurtasun eta lan-osasun arauak betetzen ez direla kritikatu du sindikatuak, eta betan ''neurriz gaineko erritmoan, presio handiz eta gehiegizko lanaldietan'' lan egiten dutela salatu du.

Prebentzio eredu berria eskatu du Gipuzkoak

Langilearen heriotza dela-eta atsekabea agertu du Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta lan harreman eta prebentzio eredu berri baten alde egin du, osasuna eta duintasuna zaintzeko.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea