Ekonomia -

Epaiketa Luxenburgon

'Opor fiskalak' berreskuratu egin dituela defendatuko du gaur Euskadik

Gaur hasiko da 'opor fiskalen' inguruko epaiketa Europar Batasuneko Justizia Auzitegian.

 

Europar Batasuneko Justizia Auzitegia. Argazkia: Olatz Arrieta
Europar Batasuneko Justizia Auzitegia. Argazkia: Olatz Arrieta
Europar Batasuneko Justizia Auzitegia. Argazkia: Olatz Arrieta

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur hasiko da Luxenburgon, EBko Justizia Auzitegian, ''opor fiskalak'' izenarekin ezagutu diren laguntzen inguruko ahozko ikustaldia. 90eko hamarkadan enpresei zuzenduta sortu zituzten laguntza sorta batzuk dira opor fiskalak.

Espainiak (Estatuko Abokatutzak) defendatuko ditu aldundiak prozesu horretan, eta milioi askoko isuna ekiditea izan dute helburu.

Ahozko ikustaldia 09:30ean hasiko da, areto nagusian, eta bertan izango dira hiru aldundietako ordezkariak. 40 minutu izango dituzte beren argudioak plazaratzeko, eta enpresek dagoeneko laguntzak itzuli zituztela defendatuko dute. Laguntzak itzuli direla egiaztatzen duen dokumentazioa ere aurkeztuko dute.

Aldundietako ordezkariak

Javier de Andres (PP) Arabako ahaldun nagusia, Felix Ayarza (EAJ) Bizkaiko Foru Aldundiko Ogasun zuzendaria eta Xabier Olano (Bildu) Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun zuzendaria izango dira Luxenburgoko hitzorduan.

Isuna

2011ko uztailean Justizia Auzitegiak legez kanpokotzat jo zituen laguntzak izango ditu ikustaldiak aztergai. Ez dago erabat argi zenbatekoa izan litekeen isuna, Eusko Jaurlaritzako iturriek jakitera eman dutenez, zenbatekoa aintzat hartzen duten epearen arabera alda litekeelako (2006tik 2013ra ala 2006tik 2011ra).

Zehazki bi isun eskatu zituen Europako Batzordeak: ''Opor fiskalen'' inguruko epaiari atzerapenaz men egiteagatik, egunean 236.000 euro, epaia kaleratzen denetik aurrera (7 milioi euro baino gehiago hilean). Eta egunean 25.000 euroko isuna, 2006an hasita, laguntzak itzultzea eskatu zutenetik. Dagoeneko 65 milioi eurotik gorakoa da isun hori dela eta ordaindu beharreko diru-kopurua.

Epaia urtebete baino gehiago atzeratu liteke

Espainiak isunik ordaindu behar duen ala ez, eta, isunik baldin bada, zenbatekoak zein izan behar duen ebatzi beharko dute auzitegiko 15 epaileek. Azken ebazpena, edonola ere, urtebete atzeratu liteke.

Nork ordaindu beharko luke?

Erabakia Espainiaren kaltetan baldin bada, Estatuak ordaindu beharko du isuna, baina litekeena da gerora Euskadiri zenbateko hori itzultzea eskatzea. Arabako Foru Aldundiaren iriztzian, baina, isuna egotekotan, Gobernu zentralari legokio hori ordaintzea.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea