Ekonomia -

Opor fiskalak

Europak 64 milioiko isuna eskatu du berriz EAEko ogasunentzat

Disuasio-neurri horrez gain, interesetan 278.000 euro ordaintzea ere falta dela gogorarazi du Batzordeak. Nolanahi ere, diru-laguntza gehienak berreskuratu egin dituztela onartu du Bruselak.

 

Europar Batasuneko Justizia Auzitegia. Argazkia: Olatz Arrieta
Europar Batasuneko Justizia Auzitegia. Argazkia: Olatz Arrieta
Hiru aldundiek dirua itzuli dute

2:10

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

'Opor fiskalen' auziagatik 64 milioi euroko isuna eskatu du berriz Europako Batzordeak EAEko ogasunentzat. Bruselaren iritzian, Espainiako Estatuak "disuasio-neurria" merezi du, laguntzok legez kontrakotzat jo zituztenetik 12 urte pasatu direlako eta "berreskuratzeko diru gehien duten herrialdeetan bigarrena" delako. Argudio horri eutsi dio gaur Carlos Urraca Europako Batzordearen abokatuak Bruselan egindako ahozko bistan.

Eskatutako isun hori honetan datza: 2006ko abenduaren 14tik (orduan jo zituzten laguntzak legez kanpokotzat), 25.817,4 euro eguneko. Hala, ordudanik igaro diren 7 urteengatik biderkatuta, 64 milioi euro pasatxo ordaindu beharko lituzke Espainiak. Kopurua handiagoa izan liteke, isuna ezartzea erabakiz gero, Auzitegiak amaiera data zein egunetan zehazten duen.

Diru-laguntza gehienak, berreskuratuta

Isun eskaera gorabehera, Europako Batzordeak aitortu egin du diru-laguntza gehienak (509 milioi euro) berreskuratu dituela. Azken ordainketa uztailaren 19an egin zutela zehaztu du, gainera. Arabako zortzi enpresak jasotako 278.000 euroko laguntzak baino ez dira falta.

Ahalegin hori aintzat hartu duela erakusteko, "baliteke" eskatzen zuen bigarren zigor ekonomikoa ezerezean uztea. Eguneko, diru gehiago (236.044,8 euro) eskatzen zuten bigarren zigor horregatik, baina, guztira, zenbateko txikiagoa da, Auzitegiak hurrengo epaia kaleratzen duen egunean hasiko bailitzateke zenbatzen, eta bestea, lehenengoa, 2006an hasi zen.

Aldundiak ez datoz bat

Javier de Andres Arabako diputatu nagusiaren ustez, Batzordeak eskatzen duen isunaren zenbatekoa "ez dator bat gertatu denarekin".

Haren arabera, euskal enpresek Espainiar Estatuko onura fiskalak bere egiteko eskubidea zuten, behin legez kanpokotzat jotako laguntzak baliogabetuta.

"Epaiak legez kanpokoak direla dio, eta onartzen dugu hori, baina, gure ustez, legedi arrunta erabiliz gero aplikatuko ziren irizpide eta deskontuak aplika dakizkioke, eta hori da, hain zuzen, Batzordearen jarreraren eta gaur egin dugun defentsaren ardatzaren arteko aldea", argitu du Arabako diputatu nagusiak.

Bestalde, Espainiako abokatu nagusiak, Nuria Diaz Abadek, zenbatekoan ezadostasunak egonda ere diru-laguntza guztiak berreskuratu direla azpimarratu du, hiru aldundien izenean.

Ebazpena, 2014an

Gaurko saioaren ostean, 15 epailek osatzen duten epaimahaiak Espainiari isuna ezarri edo ez erabaki beharko du. Epaia, baina, urtebete barru etor liteke.

'Opor fiskalak' EAEko hiru aldundiek 90eko hamarkadan enpresa berriei emandako laguntza sorta batzuk dira. Europak legez kanpokotzat jo zituen, eta dirua berreskuratzea agindu zuen.

Balizko isuna Espainiako Erresumaren aurkakoa izango litzateke, baina, segur aski, EAEko foru aldundiek ordaindu beharko lukete azkenean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea