Ekonomia -
Tax lease
EAEko ontziolak babestea eskatuko dio gaur Jaurlaritzak Industriari
Europar Batasunak "tax lease"en inguruan ezarritako epeak betetzeko ere eskatu dio Espainiako Gobernuari.
Erredakzioa
Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun sailburua azken egunetan Jose Manuel Soria ministroak egin dituen adierazpenen inguruan "haserre" agertu da. Soriak adierazi duenez, Galiziako ontziolekin ari dira batez ere lanean.
"Zergatik Galiziarekin bai eta Euskadirekin ez?", galdetu du Tapiak. Era berean, ontzigintzaren sektore guztiarekin jokabide bera izateko eskatu du. "Euskadi zaindu egin behar da, aldez aurretik lan asko egin baita", azpimarratu du.
Ministroak sektore publikoari, Navantia ontziolari adibidez, erakutsitako babesa gaitzetsi du sailburuak. "Euskal ontziola pribatuek lan garrantzitsua egin dute moldatzeko eta une honetan kontratu berriak jasotzeko eta merkatu berriei ekiteko prest daude", esan du.
EBk ezarritako epea
Tapiak gogoratu du bihar amaituko dela Europak "tax lease"en inguruan ezarritako epea. Kaltetutako inbertitzaileen, operazioen eta diru-itzulpenen inguruko informazioa jakinarazi behar dio bihar Espainiak Europari.
Horren arabera, "sektoreak izan dezakeen normaltasunaren irudirik onena epe hori betetzea da". "Hortik aurrera, lanean jarraitu beharko da, baina biharko epea bete egin behar da, bestela irudi txarra emango dugu", zehaztu du. Arantza Tapiak azpimarratu duenez, "une honetan, gaur egun dugun ezegonkortasun egoera honetan, ez dira operazio berriak heltzen, eta ezinbestekoa da normaltasun irudia izatea".
Espainiako Gobernuak epeak beteko ez dituen beldur agertu da sailburua. "Oso garrantzitsua da inbertitzaileei segurtasuna ematea eta egin beharreko itzulpenak zeintzuk diren zehaztea. Seriotasun-irudia eman behar da. EBk nahi duenari erantzutea modu serioan jokatzea da", gaineratu du.
Lantaldea
Ekonomia Garapeneko arduradunak ontziolen sektorea bultzatzeko sortutako lantaldearen lehen bileran parte hartu du gaur Bilbon. Euskal Herriko Itsas Foroko kideek eta ontziolen ordezkariek ere parte hartu dute bileran. Finantzaketa helburuak eta sektorearentzako merkatuen bilaketa zehaztu dira bertan.
Horrez gain, Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun Sailaren jarraibideak ezarri dira, besteak beste, hauek: nazioartera zabaltzea, berrikuntza indartzea, finantzaketa bermatzea eta dibertsifikazioa bultzatzea.