Ekonomia -
Lan gatazka
Goizeko lanuzteek Bizkaibuseko langile guztien babesa izan dute
Bizkaiko Foru Aldundiak eta sindikatuek egindako bileran ez zuten akordiorik lortu, lau ordu bilduta eman arren. Ondorioz, sindikatuek protestei eustea erabaki zuten.
Erredakzioa
Bizkaibuseko langileek bi orduko lehenengo lanuztea egin dute astearte honetan, 7:30etik 9:30era, Bizkaiko Foru Aldundiak linea berrien inguruan onartutako lizitazioaren aurka.Aurreneko lanuzteak langile guztien babesa jaso du gaur goizean, ELA sindikatuak jakitera eman duenez. Protesta izan den bitartean, ez da arazorik izan, eta Eusko Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuak bete egin dira.
LAB sindikatuak ere ''oso positiboki'' baloratu du gaurko protesta eta ''langileek erakutsi duten erantzuteko gaitasuna''. Ohar batean azaldu dutenez, ''jarraipen zabala'' izan dute goizeko lanuzteek.
Sindikatuak emandako datuen arabera, ''% 100eko jarraipena izan du goizeko lanuzteak TCSA, CAVSA, Encartaciones, ADNOR eta Autobuses de Lujua enpresetan, eta Jaurlaritzak ezarritako % 30eko gutxieneko zerbitzuak eskaini dituzte''.
LABek salatu duenez, baina, Pesan ''zuzendaritzak ez ditu bete zerbitzu minimoak, ohikoak baino lan koadrante zabalagoak ezarrita''.
Lanuzte gehiago
18:00etatik 22:00etara bigarren lanuztea egin dute, eta 22:30etik 00:30era egin dute azken protesta. Greba eguna deitu dute hilaren 26rako.
Bermeak eskatzen dituzte
Atzo Bizkaiko Foru Aldundiak eta sindikatuek egindako bileran ez zuten akordiorik lortu, lau ordu bilduta eman arren. Horrenbestez, ELAk, CCOOk, UGTk, LABek eta USOk aho batez erabaki zuten deitutako protestei eustea.
Sindikatuek salatu dutenez, ez dute Aldundiaren idatzizko bermerik jaso Bizkaibuseko zerbitzuen eskaintza berriaren aurrean. "Konpromisoa paper batean jasotzeko asmoa geneukan, baina ezinezkoa izan da. Ez dute argitasunez eta zehaztasunez jardun'', azaldu du CCOO sindikatuko ordezkariak.
Bizkaibuseko zerbitzuaren inguruan Bizkaiko Foru Aldundiak abuztuan kaleratutako eskaintzak langileen lan baldintzetan izan dezakeen eragina dela-eta deitu dute langileek protesta. Zehazki, TCSA, CAV, Encartaciones, Pesa Bizkaia, Autobuses de Lujua eta Adnor enpresetako 1.400 langileri eragiten die eskaintza berri horrek.