Ekonomia -
Jaurlaritzaren plana
Aireportu bakarra, hiru terminal
EAEko hiru aireportuen eskuduntza bere gain hartzeko plana prestatzen ari da Eusko Jaurlaritza. Ana Oregik jakinarazi duenez, 'aireportu bakarra, hiru terminal' irizpidea oinarri hartuta ari dira egitasmoa garatzen.
Erredakzioa
EAEko hiru aireportuen kudeaketa bere gain hartzeko "bide-orria" prestatzen ari da Eusko Jaurlaritza. Besteak beste, bideragarritasun plana ari dira egiten, aireportuen transferentziak izango lukeen kostua aztertzeko. Zerbitzuak ez bikoiztea da helburua.
Hala adierazi dio Ana Oregi Ingurugiro eta Lurralde Politikako sailburuak EH Bilduri, koalizioak Legebiltzarrean egindako galderari erantzunez. Agiri batean, sailburuak adierazi du prestatzen ari diren "bide-orria" lehentasuna dela esleitze fasean dagoen Aireportuen Gestiorako Planean.
"Aireportu bat, hiru terminal" irizpidea oinarri hartuta ari dira egitasmoa prestatzen. Aireportuen kudeaketan EAEren parte hartzea nola bideratu eta inbertsiotarako egutegia daude jasota aipatutako planean.
Loiuko, Forondako eta Hondarribiko aireportuetako bidaiari datuak ere jaso ditu Oregik bere erantzunean. AENAk emandako datuak dira eta sailburuaren hitzetan, 2012-2013an "beheranzko joera nabarmena" ikus daiteke. Hala, 2013ko lehen zortzi hilabeteetan, 2012ko datuekin alderatuta, Loiuko aireportuan %10,1 jaitsi da bidaiari kopurua, Hondarribian % 9,2 eta Forondan %87,1.