Ekonomia -
Elkarrizketa, Radio Euskadin
Aburto: 'Euskadik erakargarria behar du, Tubacexena bezalakoak ekidin'
Fagor Etxetresna Elektrikoak enpresaren aferari helduta, Aburtok Jaurlaritza "ahalegin guztiak" egiten ari dela esan du, baina Mondragon Taldeari dagokio, haren ustez, "nora jo erabakitzea".
Erredakzioa
Juan Mari Aburto Enplegu eta Gizarte Politika sailburuaren ustez, Euskadik inbertitzaileentzat "erakargarriagoa" izateko helburua eduki behar du, Tubacexenaren gisako kasuak ekiditeko. Kantabrian lantegi bat zabalduko du enpresa arabarrak.
Radio Euskadin egindako adierazpenetan, Tubacexek bere produkzioaren zati bat Kantabriara eramatea erabaki izana "berri txarra" dela esan du Aburtok. Horren iritziz, "zerga mailan erakargarriak izan nahi badugu, lan-gatazkak saihesteko eta enpresa lehiakorrak izateko neurriak" hartu behar dira.
"Asko dugu ikasteko, lurralde erakargarria izan nahi badugu. Beti izan gara eta, ez dut dudarik, izaten jarraituko dugu, baina lan-harremanei eta jardueren finantzazioari dagozkien hainbat neurri hartu beharko ditugu eta zerga politika erakargarriagoa aurkeztu, beste lurralde batzuetan egiten duten bezala. Horietan ez dute fiskalitatea ukitzen, baina bai lurzoruaren balioa, instalazioena...".
Fagor Etxetresna Elektrikoak enpresaren egoerari heltzeko orduan, Aburtok Jaurlaritza "ahalegin guztiak" egiten ari dela nabarmendu du, baina Mondragon Taldeari dagokio, horren aburuz, "norantz jo behar den" erabakitzea.
Exekutiboa, Aburtoren esanetan, "prozesu honetan laguntzeko" prest dago, baina "lehen erabakia Mondragon Taldeak hartu behar du". Sailburuaren esanetan, "ahalik eta lanpostu gehien salbatzeko berregituraketa bat prestatu behar dugu".
Pentsio sistema
Bestalde, nola enpresek hala langileek Gizarte Segurantzari egin beharreko kotizazioak handitzearen alde agertu da Aburto, "pentsio sistemari eusteko".
"Jendeari dependentzia mailaren bat dutenak artatzearen eta pentsio sistema on bat izatearen truke gehiago ordaintzeko prest ote dagoen galdetzen badiogu, gehienek baietz erantzungo dute", esan du Aburtok.