Ekonomia -
Kutxen Legea
Gizarte ekintza bermatzeko akordioa lortu dute EAJk eta PPk
Horren arabera, berme hori fundazioetan egongo da, baina gizarte ekintzari kalterik ez egitea bermatuko dute.
Erredakzioa
Asteazken honetan Kongresuko Ekonomia Batzordean onartuko duten Kutxen Legearen inguruan akordioa lortu dute EAJk eta PPk, Pedro Azpiazu EAJk Kongresuan ekonomia gaietarako duen bozeramaileak baieztatu duenez.
Radio Euskadiko ''Ganbara'' saioan egin duen elkarrizketan Azpiazuk azaldu duenez, Troikak eskatutako bermea biltzen duen artikuluari eragingo dion ''transakzio-emendakin bat'' du akordioak oinarri. Hala, berme gisa gorde beharreko funtsa Fundazioan egongo da, baina horrek gizarte ekintzari ez diola kalterik egingo bermatuko du. Halaber, % 50eko portzentajea albo batera uzten joateko konpromisoa hartuko dute fundazioek.
Asteazken honetan Madrilen onartuko duten legearen proiektuak berme zorrotza eskatu nahi die banku baten % 50 baino gehiago kontrolatzen duten kutxei. Berme horrek, baina, gizarte ekintza arriskuan jarriko lukeela salatu du Kutxabankek, eta, ondorioz, berme hori malgutzea eskatu diote Kutxanbankek berak eta EAJk PPri eta Gobernuari.
Gaur bertan, horren aurrean alternatiba bat eskainiko dutela aurreratu du Luis de Guindos Ekonomia eta Lehiakortasun ministroak Bilbon.
Kutxabank ere pozik
Mario Fernandez Kutxabankeko presidenteak ere ''zentzuzko'' irtenbidea aurkitu dutela azpimarratu du.
''Abiapuntua zein zen kontuan izanda, bidezko irtenbidea lortu dela uste dugu'', esan du. ''Bihar, Kongresuko bozketan, hori gauzatzea espero dut'', gaineratu du.