Ekonomia -
Epai judiziala
Fagorren ekarpenengatik dirua itzultzera zigortu dute Banco Santander
Banketxe espainiarrak Fagor Etxetresnak enpresaren partaidetza subordinatuak saldu zizkion bikote bati, horrek zekartzan arriskuen berri eman gabe.
Erredakzioa
Bikote bati 50.000 euro itzultzera zigortu du Banco Santander Barakaldoko epaitegi batek. Izan ere, bankuaren bitartez, Fagor Etxetresnak enpresaren partaidetza subordinatuak erosi zituzten senar-emazteek, horrek zekartzan arriskuei buruzko informaziorik jaso gabe.
Gaur jakinarazi denez, bankuak eta bikoteak 2006ko uztailean sinatu zuten kontratua deuseztatu du epaiak, "baimenean akatsak" egon baitziren.
Epaiaren arabera, kontratu horrek "ez du produktuaren izena zehazten den goiburukorik. Organo jaulkitzailea, Fagor, nominala, hasiera data eta amaiera data soilik zehazten dira. Gainera, azken hori ez da egiazkoa, betierekoa baitzen".
"Kontratu batek izan behar dituen ezaugarrien zatirik txikiena ere ez du. Oinarrizkoenak ez dira ageri, bezeroa kaltetu dezaketenak, adibidez", azaltzen du sententziak.
Gainera, "fede oneko eginbeharra" aipatzen du epaiak, kontratua konplexua denean eta bezeroarentzat arrisku ekonomiko handiak dakartzanean. "Alderdi baten desleialtasuna ez da ezabatzen bestearen jarrera sineskor edo fidakorrarekin", azpimarratu du.