Ekonomia -

Manifestazioa Azpeitian

Manifestazio jendetsua Azpeitian, enpleguaren suntsitzea salatzeko

Krisiak gehien kolpatu duen herrietako bat da, izan ere, azken hilabeteetan 500 lanpostu galdu dira.

Manifestazio jendetsua Azpeitian. Argazkia: EiTB
Manifestazio jendetsua Azpeitian. Argazkia: EiTB
Manifestazio jendetsua Azpeitian. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hainbat eragile sozialek deituta manifestazioa jendetsua egin dute larunbat honetan Azpeitian, herrian azken aldian izan den langabeziaren gorakada salatzeko. Izan ere, Fagorren menpeko den Grumal enpresak bizi duen egoera larriari, Corrugados Azpeitia eta Azcue y compañia enpresen itxiera gehitu behar zaio. Deitzaileek salatu dutenez, denbora gutxian 500 lanpostu galdu dira 14.000 biztanleko Urolako herri horretan.

"Azpeitian bizi eta lan, duintasuna herriarentzat" lelopean egingo duten manifestazioa 18:30ean abiatuko da herriko plazatik, eta, herriko kaleak igaro ostean, Sanjuandegin amaitu da.

Azaldu dutenez, manifestazioaren ibilbidea laburtu dute adin guztietako herritarrek parte hartzeko aukera izan zezaten.

Hainbat eragile sozialek eta herritarrek bat egin dute manifestazioarekin, besteak beste, erretiratuek, gazte mugimenduek, kirolariek, sindikatuek, merkatariek, langileek eta enpresa batzordeek.

Fagorren jabegokoa den Grumal enpresaren egoerak lehendik ere zaila zen egoera larriagotu du; izan ere, azken hilabeteetan Corrugados edo Azcue y compañia enpresak itxi dituzte Azpeitian.

Hala, krisiak gehien kolpatu duen herrietako bat da Azpeitia, izan ere, azken hilabeteetan 500 lanpostu galdu dira.

Salatu dutenez, horri murrizketen eta koordainketaren eragina gehitu behar zaio. Hala, sistema kapitalistari alternatiba aurkitu arte lanean jarraituko dutela nabarmendu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea