Ekonomia -

Defizita

2014rako aurrekontua gehiago doitzea eskatu dio Bruselak Espainiari

Murrizketa osagarriak onartzeko eskatu dio EBk Mariano Rajoy Espainiako presidenteari, defizitaren helburua bete ahal izateko.

Mariano Rajoy eta Olli Rehn, iaz egindako bilera batean
Mariano Rajoy eta Olli Rehn, iaz egindako bilera batean
Bruselak murrizketa gehiago eskatu dizkio Espainiari

1:06

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2014rako Espainiak prestatu dituen aurrekontuek ez dute defizita murrizteko helburua bermatzen, Europako Batzordeak gaur jakitera eman duenez. Defizita Europako Batzordeak ezarritako Barne Produktu Gordinaren % 5,8ra jaistea da helburua. Hori betetzen ez omen dela eta, Mariano Rajoy Espainiako presidenteari murrizketa osagarriak onartzeko eskatu dio Bruselak. "2014rako Espainiako prestatu duen aurrekontu zirriborroak Egonkortasun eta Hazkunde Ituna ez errespetatzeko arriskua dago, defizit helburua ez baita bermatzen", adierazi du Europako Batzordeak agiri batean.

"Harik eta Egonkortasun Ituna bere osotasunean bete arte, 2014rako aurrekontuak doitzeko neurriak hartzeko deia egiten die Europako Batasunak Espainiako agintariei", agiriak, hitzez hitz, jasotzen duenez. Udazken honetarako Bruselak aurreikusi dituen datuen arabera, Espainiaren defizita 2014an % 5,9koa izango da, helburuaren gainetik, gutxi bada ere. Horren arrazoia, EBren ustez, Bruselak  aurreikusi duen hazkundea Espainiak aurreikusi duena baino baxuagoa dela da.  Hau da, Espainiak % 0,7ko hazkundea aurreikusi du aurrekontuak egiterakoan, baina Europak uste du hazkunde hori % 0,5ekoa izango dela. Halaber, enplegua Espainiak aurreikusi baino gutxiago haziko da, Bruselaren arabera. 2013an Espainian ezarritako neurriak eraginkorrak direla esan du Bruselak, urte honetako ezarritako defizit helburua (Barne Produktu Gordinaren % 6,5) lortzea eragin baitute. Dena dela, Espainian diru sarrera uste baino txikiagoa izen denez eta erkidegoetara uste baino gehiago bideratu denez, aurten ere, "arrisku esanguratsua" egon badagoela iragarri du Bruselak.  2015-2016 urteei begira, berriz, Espainiak oraindik ez duela urte horietarako ezarritako defizit helburua bermatzeko neurririk zehaztu salatu du Europak: 2015erako defizit helburua  % 4,2koa da eta  2016rako % 2,8koa."Are gehiago, aurtengorako eta datorren urterako hartutako hainbat neurri bertan behera geratuko dira 2015ean, eta baliteke, urte horretan defizit helburuak berriro gora egitea", gaineratu du EBk, agirian. Barne Produktu Gordinaren % 6,6koa  izan liteke defizit helburua 2015ean, Bruselaren iritziz. Aurtengo aurrekontuetan eragin zuzena izan duten erreformei dagokienez, Bruselak uste du Espainiak aurrera egin duela eta EBren eskariei ondo erantzun diela, batez ere, pentsioen erreformari dagokionean.

Montororen erantzuna

Cristobal Montoro Haziendako ministroak Bruselaren abisuari erantzun dio. Gobernuak osatutako aditu taldea pentsioen erreforman lanean ari dela adierazi du ministroak, baina 2014an indarrean sartzea posible dela erantsi du, eta ez 2015ean aurreikusi bezala.

Ministroaren hitzetan, abisuak "normalak" dira defizita murrizteko lanean Espainiak ezin duelako atsedenik hartu, baina askotan herrialdeak "erreforma sakonak egiteke" dituela ahazten du Bruselak, zergen erreforma adibidez.

Zentzu horretan, Gobernuak erreformekin jarraitzeko "borondatea" duela ziurtatu du Montorok, Bruselak eskatu bezala. Hala ere, EBk neurri konkretuak eskatu ez dituela gogorarazi du, 2014ko defizit helburutik hamarren bat desbideratzeko arriskua dagoelako. "Hori horrela izan ez dadin lan egingo dugu", azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bruselaseko albisteak gaur