Ekonomia -
Proposamena
BEZari dagokion eskuduntza Euskadiri ematea eskatu du Legebiltzarrak
EAJk soilik babestu du proposamena. PSE-EEko legebiltzarkide batek arazoak izan ditu bozkatzeko orduan, eta EH Bildu abstenitu egin da.
Erredakzioa
Eusko Legebiltzarrak, EAJren babesarekin eta PSE-EEko parlamentari batek bozkatzeko orduan izandako arazoaren ondorioz, BEZari dagokion eskuduntza Euskadiri ematea eskatzen duen proposamena onartu du gaur. Orain arte, euskal erakundeek ezin izan dute zerga honen gaineko erabakirik hartu.
EAJko 27 ordezkariek proposamenaren alde bozkatu dute, PSE-EEko 26 legebiltzarkidek, PPkoek eta UPyDkoak kontrako botoa eman dute, eta EH Bilduko 21 ordezkariak abstenitu egin dira.
Dirudienez, PSE-EEko legebiltzarkide baten botoa ez da aktibatu, eta horri esker atera da aurrera proposamena. Haren botoa kontuan hartu izan balitz, berdinketa egongo zatekeen, eta, beraz, hurrengo saioan bozketa errepikatu egin beharko zuketen.
Mikel Unzaluk argi utzi du birritan sakatu duela botoia, baina bozketa sistemak ez duela botoa zenbatu. Unzaluri erantzunez, Bakartxo Tejeria presidenteak esan du aktan jasoko dutela PSE-EEko legebiltzarkideak aurka bozkatu nahi izan duela. Halere, emaitza ontzat eman, eta proposamena onartu dute.
Horrela, Legebiltzarrak BEZaren gaineko erabakiak Kontzertu Ekonomikoaren Legearen barruan hartzea eskatu die Batzorde Mistoa osatzen duten administrazioei (Eusko Jaurlaritza, diputazioak eta Espainiako Gobernua).
Kultura
Proposamen hau ez ezik, EAJri, PSE-EEri eta UpyDri esker, alderdi sozialistak BEZaren inguruan egindako beste proposamen bat onartu dute. Honekin, kultura arloko zerbitzuetan BEZak iaz izandako igoera (% 8tik % 21era) hausnartzeko eskatu diote Espainiako Gobernuari.