Ekonomia -
Gipuzkoako aurrekontuak
Gipuzkoako aurrekontuei osoko zuzenketa aurkeztuko die PSE-EEk
Rafaela Romero Gipuzkoako Batzar Orokorretako bozeramaile sozialistaren ustez, Bilduren kontuak "ez dira sinesgarriak eta hasieratik zaharkituta daude".
Erredakzioa
PSE-EEren Gipuzkoako Batzar Orokorretako bozeramaileak, Rafaela Romerok, bere alderdiak Bilduren Gipuzkoako aurrekontuei osoko zuzenketa aurkeztuko diola iragarri du gaur. Aurrekontu horrek 2015era arte 46 milioi euro bideratuko ditu ekonomia suspertzeko plan batera.
Romerok prentsaurreko batean adierazi duenez, PSEk 368 zuzenketa partzial aurkeztuko ditu. Alderdi sozialistaren ustez, Bilduren kontuak "ez dira sinesgarriak eta hasieratik oso zaharkituta daude"; izan ere, beste gai batzuen artean, "ez dituzte kontuan hartu Fagorren hartzekodunen lehiaketaren ondorioak".
Bozeramaileak azpimarratu du ekonomiaren, Gipuzkoako industriaren eta enpleguaren errekuperazioa zuzenketa sozialisten "ardatza" dela, eta beste guztia "demagogia" dela.
EAJk Bilduren aurrekontuei emango dien babesa 15 milioiko suspertze planak baldintzatuta dago. Horren harira, Romerok adierazi du hori "ulergaitza" dela jeltzaleen ikuspuntuarekin, eta horiei "aurrekontuak zehazten saiatzetik, dagoenarekin konformatzera" pasatu izana leporatu die.
Gainera, koalizio abertzalearekin izandako "Batzar Orokorren akordioak hausten dituen negoziazio esperientzia" ikusita, "zerbait gehiago" behar dela uste du Romerok.
Horren harira, PSEk 2012an Bilduri "aukera bat" eman ziola gogorarazi du, ekonomia suspertzeko 7,3 milioi euro bideratzearen truke abstentzioa eskaini batzieten sozialistek. Hala ere, "diru hori bideratzeko, PSEk presioa muturrera eraman" behar izan zuela dio bozeramaile sozialistak. 2014ko aurrekontuetan, 1,1 milioi euro bideratu nahi dira enplegua eta ekonomia suspertzeko. Orokorrean, aurrekontuak % 3 igo dira.
"Jarraitasuna izango duen eta 2015ean aurrera eramango den arau foral oso bat egin behar da", esan du Romerok.
PSEk aurkeztutako planak 23 milioi bideratzen ditu 2014rako eta beste 23 milioi 2015erako. Laguntzak eskaini nahi dizkie Gipuzkoako industriari, proiektu berritzaileei, ekintzaileei, nazioarteko bihurtzeari eta bereziki lur jota dauden zonaldeei. Indarkeria jasaten duten emakumeentzat zentroetan plaza gehiago eta gizarteratzeko eta lan munduan sartzeko laguntzak planteatzen dituzte sozialistek, baita emakume horientzat informazio bulego bat ere. Gainera, Ficoba Fundazioarentzat eta Basque Cullinary Centerentzat diru-laguntzak eskatzen dituzte.