Ekonomia -
Kontsumo Institutu Nazionala
Operadoreek BEZa adierazi beharko dute orain iragarkietan
Vodafone, Orange, Yoigo eta ONO operadoreek iragarri dute araua beteko dutela, baina Telefonicak eta Jazztelek esan dute "ahalik eta arinen" aplikatuko dutela.
Erredakzioa
Vodafone, Orange, Yoigo eta ONO operadoreek astelehenetik aurrera beteko dute BEZa iragarkietan adieraztera behartzen dituen legea, baina Telefonicak eta Jazztelek esan dute "ahalik eta arinen" aplikatuko dutela, enpresetatik jakinarazi dutenez.
Kontsumo Institutu Nazionalak (INC) aurreko ostegunean gogorarazi zien telefono-operadoreei legea betetzeko epea astelehenean bukatzen dela.
Gainera, legea bete ezean, Estatuaren Abokatutza jakinaren gainean jarriko zuela ohartarazi zien, espedientea zabaltzeko.
Vodafonek azaroaren 18an iragarri zuen 25etatik aurrera BEZa adieraziko zuela iragarkietan, eta Orangek ere araudia beteko duela baieztatu dio EFEri.
Yoigotik nabarmendu dutenez, Kontsumok agindutakoa dagoeneko betetzen dutela uste dute, tarifak BEZarekin eta BEZa gabe eskaintzen baitituzte, baina bezeroenganako harremanak hobetzeko proposamenak ongi etorriak izango direla nabarmendu zuten.
Halaber, abenduaren 2tik aurrera "jakinarazpen guztietan BEZa agertzeko moldaketa" egiten ari direla adierazi du ONOk.
Telefonicak eta Jazztelek "ahalaik eta lasterren" beteko dute Kontsumok agindutakoa, eta ohartarazi dutenez, zaila da neurria betetzea, aldaketak egin behar dituztelako sistema informatikoetan, marketinan eta promozioetan.
Kontsumok gogorarazi duenez, salneurria bere osotasunean iragarri behar da, BEZa barne, eta EBko gainerako herrialdeetan egiten dute dagoeneko.