Ekonomia -
EAE-ko aurrekontuak
Sindikatuek zerbitzu publikoak defendatuko dituzte Legebiltzarrean
Zerbitzu Publikoen eta Ongizate Estatuaren Defentsarako Plataformak zerbitzu publikoak mantentzea eskatzeko egingo du bilkura.
Erredakzioa
CCOO, UGT, SATSE, SAE, UTESE, SME, FFHE, ERNE, CSIF, USO, EUSPEL eta SVPE sindikatuek osatzen dute Zerbitzu Publikoen eta Ongizate Estatuaren Defentsarako Plataforma. Gaur, Eusko Legebiltzarraren aurrean bilduko da plataforma, zerbitzu publikoak eta Ongizate Estatua mantentzea eskatzeko.
Legebiltzarraren ateetan egingo dute protesta sindikatuek, gaur osoko bilkura izango baita bertan. EH Bildu eta UPyD alderdiek EAEko 2014ko aurrekontuei aurkeztutako osoko zuzenketak baztertuko dituzte gaur.
Sindikatuen aburuz, aurrekontuen proiektuak "murrizketak mantendu eta zerbitzu publikoen narriadura sakondu" egiten ditu. Ordezkapenetarako kontraturik eta oposizioetarako deialdirik ez egitea salatu dute plataformako kideek.
Lanaldia igotzeak, pertsonala zahartzeak, langile publikoen erosteko ahalmena murrizteak eta zerbitzu publikoetan inbertsiorik ez egiteak ere kalteak eragiten dituela adierazi dute sindikatuek.
Plataformak salatu duenez, gero eta nabarmenagoa da EAEko Administrazioaren eta sindikatuen arteko negoziazioak hondatzen ari direla. Horren iritziz, "Eusko Jaurlaritzako arduradunak ez dira mugitzen mahai orokorrean eta sektoreko mahaietan".
Zerbitzu publikoetako langileek azken lau urteetan jasandako "murrizketak leheneratzea" proposatu du plataformak, eta talde parlamentario bakoitzari aurkeztu dio proposamena.
Hori dela eta, Legebiltzarreko taldeek, "iritzi publikoaren aurrean zerbitzu publikoak defendatu eta euren jarrera erakutsiz", egoerari aurre egiteko aukera dutela adierazi du.