Ekonomia -
Kulturaren industria EAE-n
Euskarazko kultur produktuen garrantzia azpimarratu du Arantza Tapiak
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuak adierazi du "etorkizuneko sektorea" dela euskal ekonomiarentzat, eta "kultura eta identitate propio bati" lotuta dagoela.
Erredakzioa
Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuak adierazi du euskarazko kultur produktuak garrantzitsuak direla EAEko ekonomiarentzat, eta, batez ere gazteentzat, "etorkizuneko sektorea" delako.
Sailburuak esan du EAEn ez dela neurtu kulturaren industriak Barne Produktu Gordinari (BPG) zenbateko ekarpena egiten dion. Europaren kasuan, baina, BPGaren % 4,5 kulturari esker lortzen dela eta gehienbat gazteek betetzen dituzten zortzi milioi lanpostutik gora sortzen dituela aipatu du.
Datu horiek kontuan izanik, euskal kulturaren industria "etorkizuneko sektorea" dela iragarri du, eta sektore tradizionalari egindako "berrikuntza" azpimarratu du, "Internet, ikus-entzunezko produktuak eta goi-teknologia" baliatzen baititu.
Tapiak Durangoko Azokan gogorarazi duenez, euskal industriak "lehiakortasuna" eta "atzerrira irteteko gaitasuna" ditu, eta, gainera, "kultura eta identitate propio bati" lotuta dago.
"Euskadik atzerrian produktuak saltzen dituenean, bere alde bereizgarria, bere idiosinkrasia, kultura eta euskal hizkuntza eskaintzen ditu, eta euskarazko kultura oso garrantzitsua da gure modeloan", adierazi du Tapiak.
Azkenik, gaur amaituko den Durangoko Azokaren garrantzia azpimarratu du; horri esker, publikoak azken berrikuntzak eta produktuak ezagutu baititzake, eta salmentek gora egiten baitute. Gainera, krisi ekonomiko garaian, kultur produktuak eskaintzen dituzten saltokien "esfortzua" goraipatu du Tapiak.