Ekonomia -

Lan hitzarmena

Jaurlaritzak ez duela negoziatzeko asmorik salatu dute sindikatuek

ELA eta LAB sindikatuek argi utzi dute ez direla Mahai Orokorrera itzuliko, langile publikoen lanaldia 22,5 ordu luzatzen duen dekretua baliogabetu arte.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak ez duela EAEko Administrazioaren Negoziazio Mahai Orokorrean negoziatzeko asmorik salatu dute gaur ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek. Era berean, Espainiako Gobernuaren murrizketak "inposatu" nahi dituztela kritikatu dute.

Lau sindikatu horietako ordezkariak Legebiltzarrean egon dira, Euskadiko lan-hitzarmenari buruz hitz egiteko. Hain zuzen ere, Negoziazio Mahai Orokorrari buruz mintzatu dira aipatutako sindikatuetako ordezkariak. LABek eta ELAk Mahai Orokorrera ez joateko erabakia hartu zuten, Eusko Jaurlaritzak langile publikoen lanaldia luzatzea adostu zuenean.

CCOOk eta UGTk, aldiz, azaroaren 28an negoziazio taldeak egindako bileran parte hartu zuten. Han, Jaurlaritzako 70.000 langile publikoen lan-baldintzak izan zituzten hizpide. Bi sindikatu hauek bileran egon ziren, baina batzarretik alde egin zuten Jaurlaritzak negoziatzeko asmorik ez zuela ikusi zutenean.

Horren harian, ELA eta LAB sindikatuek argi utzi dute ez direla Mahai Orokorrera itzuliko langile publikoen lanaldia 22,5 ordu luzatzen duen dekretua baliogabetu arte. Bien bitartean, CCOOk eta UGTk negoziazioaren garrantzia azpimarratu eta inposaketarik egon behar ez dela salatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea