Ekonomia -
Banketxeen erreskatea
Espainiak bankuen arazoak gainditu dituela esan dute EBk eta EBZk
Nazioarteko Diru Funtsak, bestalde, "erreformen erritmoa mantentzea ezinbestekoa" dela ohartarazi dio Espainiari.
Erredakzioa
Europar Batasunak (EB) eta Europako Banku Zentralak (EBZ) baieztatu dutenez, "Espainiak banku arloan zituen arazo larriak gainditu ditu". Hala ere, bankuen kaudimena gertutik zaintzeko eta erreformak osatzeko eskatu diote Espainiako Gobernuari.
Erakundeek ohar bidez adierazi dutenez, "Espainiako bankuen erreskatearen inguruko azken txostena ere baikorra izan da".
"Espainiak bertako bankuek zituzten arazo larriak gainditu ditu, hartutako neurri eta erreformei esker", zehaztu dute EBk eta EBZk.
Bi erakundeek azaldu dutenez, finantza merkatuak are gehiago egonkortu dira azken txostenean, eta ekonomiaren finantza baldintzak hobetu egin dira hainbat arlotan. Enpresa txikiek eta ertainek, ordea, egoera zailean jarraitzen dute.
Europar Batasunak eta Europako Banku Zentralak bankuak gertutik zaintzeko gomendioa egin dute. Era berean, sektorearen gobernantza zabalagoaren erreforman eta finantza banaketan aurrera egiteko eskatu dute, lortutako helburuak eta finantza arloaren sendotzea bermatzeko.
"Erreformen erritmoa mantendu"
Nazioarteko Diru Funtsak, bestalde, "erreformen erritmoa mantentzea ezinbestekoa" dela ohartarazi dio Espainiari, oraindik ere konpontzeko desafioak baitaude.
Espainiako bankuen erreformaren inguruko bosgarren eta azken berrikuspenaren ondoren, Espainiak erreformaren oinarrizko puntuak behar bezala bete dituela iritzi dio. Hala ere, "susperraldiaren erritmoa moteldu dezaketen" finantza arloko desafioak daudela ohartarazi du.
Erakundearen aburuz, bankuen kreditua handitzeko eta "susperraldiari laguntzeko" baldintzen sorrera bermatzea oinarrizkoa da.
Bankuen arteko bateratzean aurrera egin ahal izateko, Europako Banku Zentralak bideragarritasun eta kapitalizazio azterketak aurreikusi ditu. Horiek gainditzeko bankuak prest daudela bermatzea gomendatu dio erakundeak Espainiari.