Ekonomia -

Brusela

Bruselak gaur irekiko die espedientea Athletici eta Osasunari

Europako Batzordeak azalpenak emango ditu Ligako zazpi talderi irekiko dien espedienteei buruz.

Josu Urrutia. EITB.
Josu Urrutia. EITB.
Athletic lehiakortasunaren kontra joan den ikertu nahi du Europak

1:37

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Batzordeak azalpenak emango ditu gaur Athletic Clubi, Osasunari eta Espainiako Ligako beste bost talderi (tartean Real Madril eta Bartzelona) irekiko dien espedienteen inguruan. Ondoren, Espainiako Gobernuak 30 eguneko epea izango du alegazioak aurkezteko.

Astelehenean Jose Manuel Garcia-Margallo Atzerri ministroak aurreratu zuenez, legez kanpoko diru-laguntza publikoak jasotzea egozten die Bruselak futbol klubei.

Athleticen, Osasunaren, Real Madrilen eta Bartzelonaren kasuan, sozietate anonimo bihurtu ez izana da Bruselak jomugan jarri duena. Gainera, zuri-gorrien kasuan zehazki, San Mames berriaren finantziazioan erakunde publikoek parte hartu izana ere aztertzen ari dira Europan. EAEko erakundeek eta Athleticek defendatu egin dute San Mamesen finantziazioa.

Hori horrela, Eusko Jaurlaritzak bere parte-hartzeak "estaldura juridiko osoa" duela nabarmendu du, eta estadio berriak "zerbitzu publikoak" eskainiko dituela gogorarazi du. Izan ere, besteak beste, udal kiroldegi bat izango du.

Bizkaiko Foru Aldundiak ere "baldintza legal guztiak" bete direla esan du, eta ukatu egin du erakunde publikoek Athletici diru-laguntzak eman izana, erakunde publikoak eurak baitira, klubarekin batera, San Mames berriaren jabeak.

Testuinguru honetan, Josu Urrutia Athletic Clubeko presidenteak legea "bete" egingo dutela esan du, "beti bezala", eta errefusatu egin du kluba sozietate anonimo bihurtzea.

Polemika Almuniarekin

Bruselak irekiko dituen espedienteek beste polemika bat ekarri dute, kasu honetan Joaquin Almunia Lehiarako komisarioari lotuta. Berak irekiko ditu espedienteak, baina Emily O'Reilly Europako Herriaren Defendatzaileak prozesua "atzeratzea" leporatu dio (salaketa 2009. urtean aurkeztu zuten), ikertutako talde batekin, Athletic Clubekin hain zuzen, "lotura estua" duelako, bazkide baita.

Almuniaren bozeramaileak horren harian esan duenez, akusazio horiek "onartezinak" dira, eta prozesua atzeratzeko arrazoia Lehiarako Zuzendaritzak "urtean 300 salaketa" jasotzen dituela dela azaldu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Athletic Club Osasunari buruzko albisteak Brusela bideoak