Ekonomia -
Lan-gatazka
Euskalteleko langileek mobilizazioei ekingo diete gaur Bilbon
Enpresak kanpoko zenbait enpresari zerbitzu batzuk bideratzea erabaki du; horrezkero, langileak kaleratzeak izango diren beldur dira. Abenduaren 16an, 17an eta 18an greba egin zuten langileek.
Erredakzioa
Euskaltelen ordezkaritza duten ELA eta CCOO sindikatuek gaur ekingo diete mobilizazioei Bilbon, enpresak kanpoko zenbait enpresari zerbitzu batzuk bideratzea erabaki duelako; hori dela eta, langileak kaleratzeak izango diren beldur dira.
Olentzeroren etorrera aprobetxatuta, sindikatuaren ordezkariak Kutxabanken egoitzaren aurrean elkartuko dira jendeari "opariren" bat emateko eta Euskaltelen akziodunik garrantzitsuenari enplegua mantentzearen alde bildutako sinadurak helarazteko, ohar baten bidez iragarri dutenez.
CCOO eta ELA sindikatuek, halaber, manifestazio bat deitu dute 30erako, eta denek arropa laranja jantziko dute, enpresaren kolorea hain zuzen, eta Kutxabanken egoitzatik abiatuko dira.
Protesta berri hauek aurreko 16an, 17an eta 18an egindako greben ondoren egingo dituzte; horiek izan ziren Alberto Garcia Erauzkinek gidatzen duen enpresan egin diren lehenengoak.
Greba bukatzean, sindikatuek mobilizazioekin jarraituko zutela ohartarazi zuten, enpresak sistemen unitatea azpikontratatzeko erabakia zuzendu ezean. Sindikatuen arabera, langileen % 40 kalean izan liteke erabaki hori gauzatuz gero.