Ekonomia -
Batzorde Mistoa Madrilen
Kontzertuaren akordioak ekonomia suspertuko du, Urkulluren ustez
Gipuzkoako Foru Aldundia biharko bileran egongo dela iragarri du. Batzarrean, Kontzertu Ekonomikoaren erreforma onartuko dute, eta hainbat zerga aldundien esku geratuko dira.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariaren aburuz, ostegun honetan Madrilen izango den Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoaren bileran adostuko den akordioak ekonomia suspertuko du. Haren hitzetan, "ekonomia suspertzeko eta enplegua sortzeko helburu komunean aurrera egiteko gakoa" da bihar sinatuko den erreforma.
Korta Group lantegira egindako bisitan egin ditu adierazpenok lehendakariak. Biharko akordioa "garrantzitsua" da, Urkulluren ustez, eta egungo egoera ekonomiko "latza" aldarazteko "denon erantzukizuna" beharko dela gaineratu du.
Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoaren bilera Madrilen egingo da bihar, eta bertan izango dira Espainiako Ogasun Ministerioko eta euskal erakundeetako ordezkariak; Jaurlaritzakoak eta hiru foru aldundietakoak.
Aurrez Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak adostutako Kontzertu Ekonomikoaren erreforma onartzea du helburu Batzordeak, baita hainbat zerga foru aldundien esku uztea ere. Orain arte, energiaren, jokoaren eta banketxeen funtsen inguruko zergak ez zeuden Kontzertu Ekonomikoaren baitan, baina erreformaren ondorioz, horiek ere kudeatu beharko dituzte foru aldundiek. Bizkaiak eta Arabak erreformarekin ados zeudela iragarri zuten aspaldi, baina Gipuzkoak argitzeke zuen bere jarrera.
Gipuzkoa bileran izango da
Hain justu, azken unera arte airean egon dena argitu du gaur Helena Franco Gipuzkoako Ogasun eta Finantza diputatuak. Horren esanetan, Gipuzkoako Foru Aldundia Madrilen izango da bihar, "bilera ez blokeatzeko eta erantzukizunez jarduteko".
Dena dela, zorrotz mintzatu da Franco: "Oso kritikoak gara bilera prestatu eta antolatu den moduarekin, zentzu guztietan, bai prozedura aldetik zein eduki aldetik" adierazi du. "Jaurlaritzak akordio itxia ekarri du, foru aldundiei galdetu gabe. Larria da hori, batzorde mistoan Jaurlaritza eta aldundiak daudelako eta akordioak aho batez adostu behar direlako", salatu du.
Francoren esanetan, Gipuzkoa ez dago "maila txikiko zerga horiek kudeatzearen kontra, aparteko arazorik eragiten ez dutelako", baina "garrantzi handiagoko gaiak" hizpide izango ez direla kritikatu du. "Kupoaren Legea, Aurrekontu Legeak EAEn izango duen aplikazioa edo BEZaren transferentzia", besteak beste, ez direla mahai gainean egongo nabarmendu du.