Ekonomia -
Intermon Oxfamen txostena
Munduko aberastasunaren erdia biztanleriaren % 1en esku dago
Espainiako Estatuko 20 lagun aberatsenen ondasunak behartsuen % 20ren diru-sarreren parekoak dira, Intermon Oxfamen azken txostenaren arabera.
Erredakzioa
Espainiako Estatuko 20 lagun aberatsenen ondasunak biztanle behartsuen % 20ren diru-sarreren parekoak dira. Datu horiek emateaz gain, "elite ekonomikoak", joko ekonomikoaren arauak "manipulatzeko", botere politikoa "bahitzen" ari direla salatu du Intermon Oxfam erakundeak bere azken txostenean.
Davos hirian (Suitza) asteazkenetik aurrera bilduko diren Munduko Ekonomia Foroaren liderrentzako gomendio batzuk ere argitaratu ditu Intermonek txosten horretan, gizarte-desberdintasunekin amaitzeko ahalmena dutela gogoraraziz.
Dokumentuaren arabera, Munduko aberastasunaren ia erdia (81 bilioi euro) biztanleriaren % 1en esku dago. Halaber, txostenean azaldu dute aberastasunaren % 46 gutxiengo baten esku egoteak aurrekaririk ez duen desberdintasun maila dakarrela, eta aberatsen eta behartsuen arteko aldea itzulezin bilakatu ahal duela.
Erakundearen kalkuluen arabera, 18,5 bilioi dolar (13,6 bilioi euro) daude erregistratu gabe tributazio baxua duten herrialdeetan; hortaz, ondasunaren kontzentrazioa handiagoa da.
Datu horiek islatzen dutenez, 210 lagun sartu ziren iaz milioi asko dituztenen klubera, mila milioi dolar baino gehiago dituztenen klubera, alegia. Bertan, 1.426 lagun daude, eta, guztira, 5,4 bilioi dolarreko ondasuna dute (ia 4 bilioi euro).
Intermonen proposamenak
Proposamenak ere egin ditu Intermon Oxfamek, arazo hori aurre egiteko: zergak ez ordaintze aldera paradisu fiskalak ez erabiltzeko konpromisoa hartzea, inbertsioak publikoak izatea, eta zerga bilketa herritarrei osasuna, hezkuntza eta babes soziala emateko izatea.
Txostenak azaltzen duenaren arabera, "Espainiaren kasua oso kezkagarria da", finantza-krisiaren eraginarengatik eta ezarritako politikengatik: "Klase ertainak zigortu dituzte, gehienbat, eta baztertutako pertsonak ere bai".
Intermon Oxfamen esanetan, gainera, premiazkoa da neurri "garbiak" hartzea, "desberdintasunak murrizteko, muturreko aberastasunarekin eta pobreziarekin amaitzeko, eta elite ekonomikoen eta finantzarioen interesek agenda politikoa ez markatzeko balio duten mekanismoak sustatzea, herritarren gehiengoaren interesak babesteko".
Espainiako kalitate demokratikoa indartzeko, Diputatuen Kongresua elkarrizketarako eta kontuak emateko gune bezala berreskuratzea proposatu du, eta baita demokrazia partizipatiboa sustatzea, finantza sektore gardena izatea eta ustelkeriaren aurka gogor borrokatzea ere.