Ekonomia -
Protesta
Adunako Unipapel enpresako langileek greba mugagabea hasi dute
Adunako lantegian egiten duten paper ekoizpena taldearen beste lantegi batera eraman nahi dute, Logroñora, hain zuzen ere.
Adunako Unipapel enpresako langileek greba mugagabea hasi dute. Ekoizpenaren zati bat Logroñon duten lantegira eramateko asmoa du enpresak, langile-batzordeak salatu duenez.
Adveo taldearena da enpresa eta duela gutxi Springwater Capitali (arrisku-kapital konpainia bat) saldu zioten. Langileek azaldu dutenez, lantegiko zuzendaritzak baldintza bat jarri zuen saltzeko: Unipapelen etorkizuna eta lanpostuak ziurtatzea.
Enpresak urtarrilaren 10ean jakinarazi zuenez, Adunan egiten den ekoizpenaren zati bat taldeak Logroñon duen lantegira eraman nahi dute.
Gipuzkoako lantegiko 78 langileen bozeramaileek presazko bilera eskatu dute, baina jaso duten erantzun bakarra izan da ezin izango direla urtarrilaren 29ra arte bildu.
Batzordeak gogoratu du iragan uztailean langileek lan-baldintzak murriztea adostu zuela lantegiaren bideragarritasuna bermatzeko.
Gauzak horrela, greba mugagabea hastea erabaki du batzordeak, lan-karga Logroñoko lantegira eramateko erabakiaren aurka.