Ekonomia -
Eroskiren ekarpenak
Mendeko ekarpenen diru guztia itzultzeko eskatu du Fiskaltzak
BBVAk ordain dezala eta Eroski absolbitzeko eskatu du Ministerio Publikoak.
Erredakzioa
Eroskiko finantza ekarpen subordinatuen auzia argitzeko epaiketan, bezeroei ekarpenen diru guztia itzultzeko eta, gehiegizko klausulak zituztela argudiatuta, kontratuak baliogabetzeko eskatu du Fiskaltzak.
Eroski absolbitzeko eskatu du Fiskaltzak, finantza-ekarpen horiek legeak babesten dituela iritzita. "Ezin da esan publizitate engainagarria erabilita eman zuela ezagutzera jendartean", gaineratu du.
Epaiketako bigarren eta azken egunean azaldu du bere jarrera Fiskaltzak. Adicae erakundearen eskutik salaketa kolektiboa jarri zuten 68 kaltedunek Bilboko Merkataritza arloko epaitegian, eta informazio eskasa jaso zutela eta produktuen arriskuaz ez zituztela ohartarazi azpimarratu zuten.
Atzo, aldeek beren jarrera azaldu zuten eta gaur Fiskaltzak bere ondorioak azaldu ditu. Hala, epaiaren zain geratu da auzia.
Marcos Bermudez epaileak datorren astelehenean 11:30ean deitu ditu bi aldeak epaiaren berri emateko.
Kaltedunek atzo azaldu zutenez, 5 urterako epe finkoko gordailua kontratatu zutela uste zuten, baina betiko hartzen diren produktuak ziren eta bermatu gabeko errentagarritasuna zuten.
BBVAko ordezkari batek onartu zuen finantza-ekarpen horiek ez zirela egokiak arriskurik nahi ez zuten bezeroentzat. Dena den, finantza-erakundeak produktuak merkaturatu besterik ez zuela egiten eta publizitatea Eroskiren esku zegoela gaineratu zuen.
Finantza-ekarpen subordinatuak "produktu legalak" dira, Mondragon Korporazioaren arabera; izan ere, merkatuak eta Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak baliozkotu zituen.