Ekonomia -

Diputatuen Kongresua

AHT egiteko konpromisoa azaldu du Espainiako Gobernuak

Rajoyren hitzetan, lanak aurrera eramatea "ez da konpromiso arazo bat, aurrekontuetako baliabideena baizik". "Egiteko aukerarik txikiena duenean", egingo duela erantsi du Exekutiboko presidenteak.

Abiadura handiko trenaren lanak. Artxiboko irudia: EiTB
Abiadura handiko trenaren lanak. Artxiboko irudia: EiTB
Abiadura handiko trenaren lanak. Artxiboko irudia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Abiadura Handiko Trena lehentasuna duen proiektua dela esan du Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak. Horregatik, lanak aurrera eramateko konpromisoa azaldu du. Presidentearen ahotan, lanak aurrera eramatea "ez da konpromiso arazo bat, aurrekontuetako baliabideena baizik". "Egiteko aukerarik txikiena duenean", egingo duela erantsi du.

Aitor Esteban EAJko bozeramaileari erantzun dio Rajoyk Diputatuen Kongresuko kontrolerako saioan. Bergarako lotunea egiteko lanen lizitazioa 2013an eman behar zuela agindu zuen Gobernuak, baina Exekutiboak ez du agindutakoa bete, Estebanen hitzetan.

Lotunea "funtsezkoa" dela esan du jeltzaleak. Lanek aurrera egiteko Gobernuaren "konpromiso falta" dagoela salatu du Estebanek. Aurten kontrakoa "demostratzen" ez badu, Rajoyren konpromiso "garranga ezer ezean geratuko da", gaineratu du.

EAEko tarteak egiteko 655 milioi euro bideratu zituzten 2012an, Rajoyren arabera. 20 tarteetatik zortzik plataformak amaiturik dituztela erantsi du presidenteak. Beste seitan lanean ari direla zehaztu du. 2014ko aurrekontuetan 377 milioi aurreikusi ditu Gobernuak.

Gobernua garrantzia gutxiago duten abiadura handiko beste proiektu batzuetan inbertitzen ari dela kritikatu du Estebanek, "lehentasunezko egitasmo hau abandonaturik duen bitartean".

Pastorrek Elorzari erantzun dio

Saio berean, Odon Elorza sozialistak Ana Pastor Sustapen ministroari galdetu dio. Pastorren esanetan, euskal 'Y' "PPren gobernu batek hasi zuen eta Alderdi Popularraren exekutibo batek bukatuko du".

PSOEren Gobernuak "zortzi urtetan zortzi kilometroko plataforma" egin zuela gogorarazi du Pastorrek. Horregatik, sozialistei "eskolak ematen ez etortzeko" eskatu die ministroak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea