Ekonomia -
'Opor Fiskalak'
Erkoreka: 'Opor fiskalen isuna arazo txikia izango da'
Euskal diputazioek, berriz, 50 milioi euroko isuna gehiegizkoa dela azpimarratu dute.
Erredakzioa
'Opor fiskalen' auzian Europar Batasunetik etor litekeen isuna, 50 milioi eurokoa izanda ere, arazo 'txikia' da, Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramailearen hitzetan, Luxenburgoko Auzitegiak ez baitu EAEko hiru Foru Aldundien fiskalitatea kolokan jartzen.
Eleanor Sharpston Europar Batasuneko Justizia Auzitegiko abokatu nagusiak 50 milioi euroko isuna proposatu du EAEko 'opor fiskalen' auzian.
Proposamena ez da loteslea, baina Auzitegiak proposamenen % 80 onartu eta betearazten ditu.
Hasiera batean, zigorra Espainiako Erresumaren aurka zuzenduta dago, baina, segur aski, EAEko Foru Aldundiei kobratuko die ondoren. Orain, EBko Justizia Auzitegiko epaileak proposamena aztertzen hasiko dira, eta hurrengo hilabeteetan emango dute epaia. Orduan zehaztuko dute behin betiko isuna zein izango den.
Foru Aldundien interesak defendatzeko ahalegin guztiak egiteko eskatu dio Erkorekak Estatuko Abokatutzari.
Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu duenez, Foru Aldundiek diru-laguntzak ('opor fiskalak') berreskuratu zituzten bere egunean, nahiz eta, bere hitzetan, laguntza horiek 'erabat legezkoak izan'. Horren iritziz, enpresek ez zuten zergatik jasotako laguntza horiek itzuli behar.
Erkorekaren ustez, baina, orain garrantzitsuena da Europar Batasunak Foru Aldundien eskumenak onartzea eta gaitasun fiskala kolokan ez jartzea.
Europar Batasunak proposatutako zigorra "gehiegizkoa" da, euskal diputazioen iritziz
Europar Batasuneko Justizia Auzitegi Nagusiko abokatu nagusiak "opor fiskalen auzian" 50 milioi euroko isuna jartzea proposatu du, eta eskari hori "gehiegizkoa da", euskal diputazioen arabera. Dena den, azken erabakia aipaturiko auzitegiak izango du.
Proposamena ezagutu ostean, Bizkaiko Foru Aldundiak gehiegizkotzat eta neurriz kanpokotzat jo du eskaria, laguntzak bere osotasunean errekuperatu direla argudiatuta. Ohar batean foru erakundeak adierazi duenez, ez du abokatuaren irizpidea partekatzen eta azken "erabaki loteslea" epaia izango da.
Gipuzkoako Foru Aldundiak ere isun proposamena gehiegizkoa dela adierazi du. Ogasun Saileko iturrien esanetan, 2006an epaia argitaratu eta lau urtera arte ez zela laguntzen errekuperazioa gauzatzen hasi egiaztatu du abokatuak, eta, beraz, "horren kudeaketa ez dagokio egungo foru gobernuari".
Abokatutzaren proposamena irakurtzeko denborarik ez duela izan adierzi du, Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiak. Azpimarratu duenez, garrantzitsuena ez da isunaren zenbatekoa, epaitegiak Diputazioek aurkeztutako postulatuak onartzen dituen ala ez jakitea baizik. Horren iritziz, azken epaiak enpresei nola eragingo dien jakitea da garrantzitsuena.