Ekonomia -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Adegik proposatutako negoziazio ereduari uko egin dio Cebekek
Garcinuñok, patronal bizkaitarraren presidenteak, negoziazio kolektiboaren eredua defendatu du akordioak lortzeko.
Erredakzioa
Iñaki Garciñuno Cebek Bizkaiko patronalaren presidenteak langileekin bana-banako akordioak lortzea baztertu, eta negoziazio kolektiboa defendatu du, probintzia mailan eta ekonomia sektoreetan akordioak lortzeko.
Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Garcinuñok Adegi Gipuzkoako patronalaren proposamena izan du hizpide; Adegik lan-harremanetan "hirugarren bide bat" ezartzearen alde egin zuen, "zuzenean langileekin" negoziatuta.
Adegiren proposamenaren aldeetako batzuekin bat datorrela nabarmendu ostean, beste batzuk Gipuzkoatik kanpo "aplikatzeko zailak" direla esan du patronal bizkaitarrak; esaterako, "langilearekin egindako negoziazio zuzena langileen eta enpresarien eskubide eta betebeharren araudia egiteko eredua bihurtzea".
Garcinuñok azaldu duenez, horren moduko harremanak Gipuzkoan erabilgarriak izan litezke, "sindikatuek akordioak lortzea oztopatu dutelako", baina Bizkaian negoziazio kolektiboaren alde egin du; izan ere, zenbait hitzarmen lortu dira dagoeneko.
Halaber, gaineratu duenez, "beti hitz egin izan da zuzenean langileekin, eta hala izaten jarraituko du", baina eredu horrek ez ditu lan-harremanak "gidatu behar".