Ekonomia -
Ekarpen subordinatuak
Epaia irmoa denean berreskuratu ahal izango dute dirua kaltetuek
BBVAk aurkeztu duen helegiteak prozesua gelditu du. ADICAE epaiaren behin-behineko betearazpena eskatzea ikertzen ari da.
Erredakzioa
Epaitegietan Eroskiko-finantza ekarpenen auzia irabazi duten 68 lagunek ez dituzte euren aurrezkiak epaia irmoa izan bitartean berreskuratuko. Salaketa jarri zuten bezeroei dirua itzultzera zigortu zuen astelehenean epaileak BBVA.
Banketxeak Marcos Bermudez Bilboko Merkataritza-arloko 1 zenbakiko epaitegiko epaileak hartutako erabakiari helegitea aurkezteko asmoa agertu zuen. ADICAE Banku, Aurrezki Kutxa eta Aseguruen Erabiltzaileen Elkarteak 68 bezeroren izenean aurkeztu zuen salaketa eta epaiaren arabera, BBVAk dirua itzuli beharko die.
Helegitearen aurkezpenak dirua itzultzeko prozesua gelditu du. BBVAk dioenez, epai irmoa jakiten denean jaso ahal izango dituzte bezeroek euren aurrezkiak. Bien bitartean, Eroskik urtero ematen dizkieten interesak jasoko dituzte.
Probintzia Auzitegiak Merkataritza arloko epaitegiak hartutako erabaki bera hartuko balu, helegite berri bat aurkeztu ahal izango luke BBVAk Auzitegi Gorenean. Prozesua are gehiago luzatuko luke horrek.
ADICAEk Merkataritza Epaitegian epaiaren behin-behineko betearazpena eskatuz gero, kontsumitzaileek ez lukete helegite guztien erabakia izan arte itxaron beharko euren dira jasotzeko.
Elkarte horretako iturriek jakitera eman dutenez, bertako zerbitzu juridikoak aukera hori aztertzen ari dira. Eskaera aurkeztuz gero, ebazpena egin behar duen epaitegiak onartu beharko luke.