Ekonomia -
2013. urteko emaitzak
BBVAk 2.228 milioi euroko mozkinak izan zituen iaz, % 33 gehiago
Emaitzak "oso sendoak" izan baziren ere, bankuak bezeroei emandako kredituak % 5 jaitsi ziren.
Erredakzioa
BBVAk 2.228 milioi euroko mozkin garbiak izan zituen 2013. urtean, hau da, aurreko urtean baino % 32,9 gehiago, finantza erakundeak Balore Merkatuko Batzorde Nazionalari (CNMV) jakinarazi dionez.
Urte amaieran, bankuaren berankortasun tasa % 6,8koa izan zen, 2012. urtekoa baino handiagoa (% 5,1) . Dena dela, higiezinen jarduera "egonkortu" egin dela azaldu du.
Mozkinak handitu egin badira ere, bankuak bezeroei emandako kredituak % 4,7 jaitsi ziren, 350.110 milioi euro, guztira. Gordailuak, aldiz, % 6 hazi ziren, 310.176 milioi eurora arte.
BBVAren esanetan, emaitza orokorrak "oso sendoak" dira, testuingurua "oso zaila" bada ere.
"2014. urterako aurreikuspenak ere hobetu egin dira, eta egoera ezin hobean gaude kreditu bideragarriaren eskaeraren hazkundeari erantzuteko", esan du Francisco Gonzalez BBVAko presidenteak.