Ekonomia -
Jaurlaritzak eta Aldundiek
Ostegunean egingo dute Finantzen Kontseiluaren urteko lehen bilera
Oraingo honetan, 2013. urteko zerga batzuen likidazioaren inguruan iritzi kontrajarriak eramango dituzte Foru Aldundiek.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak eta EAEko hiru Foru Aldundiek ostegunean egingo dute Finantzen Euskal Kontseiluaren urteko lehenengo bilera, Radio Euskadik zabaldu duenez.
Oraingo honetan, 2013. urteko zerga batzuen likidazioaren inguruan iritzi kontrajarriak eramango dituzte Foru Aldundiek.
Aldundiek jaso dute jada bilera egiteko deialdia, eta, Radio Euskadik jakin duenez, ez dute batzarrera joateko agenda arazorik izango. Horrenbestez, bilera ostegunean egingo dute, Lakuan, 11:00etan.
Bilerara Ricardo Gatzagaetxebarria Ogasun sailburua eta hiru ahaldun nagusiak joango dira, 2013ko zerga-bilketaz eta bakoitzaren ekarpenen inguruan hitz egiteko.
Balantzea positiboa da, iaz Aldundiek diru gehiago bildu zutelako, baina iritzi kontrajarriak dituzte enpresa batzuen balantzeak gaurkotzeko arauaren inguruan.
Arabak eta Gipuzkoak zenbaketa orokorretik ateratzea eskatuko dute, Bizkaiak diru gehiago bildu duelako eta, horrenbestez, eskuratu ez dituzten 36 milioi euro gehiago jarri beharko lituzketelako. Bizkaiko agintarien iritziz, baina, salbuespenak egiteak arazoak ekarriko lituzke etorkizunean.
Hala ere, hiru Aldundietako ordezkariak prest agertu dira kontu hura negoziatzeko eta, osteguneko bileraren aurretik, akordio bat lortzeko.