Ekonomia -
Enplegu eta Gizarte Politikak
Aburto sailburuari ebakuntza kirurgikoa egingo diote aste honetan
Ebakuntza horren ondorioz, hilabete bat lanetik kanpo izango da, eitb.com-ek jakin duenez.
IKER GOMEZ / EITB.COM
Juan Maria Aburto Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari ebakuntza kirurgikoa egingo diote aste honetan bertan, eta, horrenbestez, hilabete eman beharko du lanetik kanpo, eitb.com-ek jakin duenez.
Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak emango ditu horren inguruko xehetasunak, 12:00etan, Gobernu bileraren ondorengo agerraldian.
Aburto Bizkaiko Aldundiko oinarri nagusietakoa izan zen Jaurlaritzara heldu aurretik, eta Iñigo Urkullu lehendakariaren Jaurlaritzan ere giltzarria izan da 2012ko abendutik.
Hain zuzen ere, Aburto Bizkaiko Foru Aldundiko bozeramaile eta Lehendakaritza diputatua izan zen Urkulluren Gobernura iritsi aurretik.
Ordutik, Aburto Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua izan da. Gaia ez zitzaion berria egin, azken legegintzaldian Gizarte Ekintzako diputatua izan baitzen. Sail horrek inoiz izan duen aurrekonturik handiena kudeatu zuen orduan.
Oro har, ondo ezagutzen du Aldundia, 90eko hamarkadaren amaieran iritsi baitzen horra, Funtzio Publikoko zuzendari gisa. Aurretik, Eusko Jaurlaritzan ere aritu zen, Juan Mari Atutxa Herrizaingo sailburuaren lantaldean.