Ekonomia -
Patxaranaren iruzurra
Patxaranaren salmentek % 45 egin dute behera azken 10 urteetan
Jatorriko Deitura Babestua duen edariaren ordez basaran likorea saldu ohi dute askok, baina horrek ere % 40ko jaitsiera izan du.
Erredakzioa
Nafarroako patxaranaren salmentak % 45 jaitsi dira estatuan azken hamar urteetan, eta batzuek patxarana bailitzan zerbitzatzen duten basaran likoreak ere % 40ko jaitsiera izan du, Nafarroako Gobernuaren Gizarte Politiken kontseilariak, Iñigo Allik, jakinarazi duenez.
Ez dago alde handirik bi edari horien artean. Nabarmenena? Patxaranak 25 gradutik gorako alkohol maila du, eta basaran likoreak, berriz, 20 gradukoa.
PPk eskatutako batzordean eman ditu datuok Allik; abokatuen bulego batek Iruñeko taberna erdietan patxaranaren ordez basaran likorea zerbitzatzen dutela ondorioztatzen duen txostena hedatu ostean sortu zuten batzordean. Bertan nabarmendu dutenez, patxaranak Jatorriko Deitura Babestua du, eta, kontsumitzaileak aldeaz konturatzen ez direnez, iruzur egiten dute.
Alliren esanetan, "ez da inolako iruzurrezko edaririk banatzen ari Nafarroan", eta "alarmismoak ez dio sektoreari lagunduko".
"Inoiz ez dugu patxarana beharrean basaran likorea zerbitzatzeagatik salaketarik jaso", nabarmendu du Gizarte Politiken Departamentuko buruak, baina azken zortzi urteotan Nafarroako bi enpresa salatu dituzte.
"Patxarana Nafarroako ezaugarrietako bat da, eta balore kultural, turistiko eta gastronomikoak ditu", esan du Allik.
Txostenaren arduraduna nor den ez dakiela baieztatu du Allik, eta edari horren garrantzia azpimarratu du: 2013an Nafarroan 28 milioi euroko fakturazioa eragin zituzten 3,3 milioi litro egin ziren. Horren % 96 ekoizteko, Nafarroako basaranak erabili ziren, 520.000 kilo inguru, eta horrek 373.000 euroko sarrerak eman zituen.
Nafarroan egiten den basaran likoreak legedia betetzen duela eta Gizarte Politiken Departamentuak azkenaldian jasotako irregulartasunen berri zuela gaineratu du Allik. Irregulartasun horiek basaran likorearen banaketa puntuetako etiketetan aurkitu zituzten, Nafarroako patxaranarekin nahastea eragiten zuten, eta hainbat tokitan basaran likorea zerbitzatzen zioten patxarana eskatzen zutenei.
Kontsumitzailearen eskubideak babesteko, merkatua aztertuko duen ikerketa sistema abituko dutela iragarri du Allik.